argia.eus
INPRIMATU
Larri dago Takbat Haddi semearen hilketa salatzeko gose greba hasi zuen sahararra
  • Bere semea zen Mohamed Lamin Haidalaren hilketarengatik egindako protesta amaitutzat jo du Haddik. Zenbait iturriren arabera, kolono marokoarrek emandako jipoi baten ondorioz hil zen joan den otsailaren 8an.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko ekainaren 22a
Elkartasun ugari jasotzen ari da Takbar Haddi (Argazkia: SaharaLibre)

Heriotza argitzeko kasua Haidalaren anaiak abiarazi zuen. Ustez, gertaera manifestazio batean jazo zen. Gazteak agure bat babestu zuen  poliziak kargatu zuenean. Horren ondorioz, poliziak Haidala larriki zauritu eta kartzelaratu zuen. Tarte horretan hiru aldiz eraman zuten erietxera. 48 ordu ostean libre geratu zen eta ordu batzuen ostean hil egin zen.

Gertaera salatzeko bere amak 36 egun eman ditu gose greban. Joan den astean –hilabete jan gabe eman ondoren–, ahotik odola isurtzen hasi zen. Hala ere, Haddik elikagairik jan gabe jarraitu zuen, baina egoera okertu eta ostiraletik erietxean dago ingresatuta. Errefuxiatuen laguntza taldeetatik jakitera eman dutenez, bere egoera oso larria da.

Haddik maiatzaren 16an Las Palmasko (Kanaria Handikoa) kontsulatuaren parean hasi zuen bere semearengatik justizia eskatzeko protesta. Gertaera eman ondoren, Gobernu marokoarrak ez du inolako ikerketarik martxan jarri eta 9.000 euro eman dizkio Haddiri isilik mantendu eta heriotza ziurtagiria sina zezan.

Gertaera salatzeko, politikan eta artean diharduten zenbait lagunek 24 orduko gose grebak hasi dituzte Madrilen. Joan den astean hainbat alderdi eta mugimendu sozialek Bilboko Marokoko Kontsulatuaren aurrean hainbat protesta eta gose greba antolatu zituzten.