argia.eus
INPRIMATU
Lapurditik pasaz, Bizkaia eta Okzitania lotuko lituzkeen goi tentsioko kableari buruzko kezkak areagotuz doaz
  • Kablearen abiapuntu litzatekeen Gatika herrian, orokorki Bizkaian, Lapurdi mailan eta Landetan antolatuz doa megaproiektuaren aurkako mugimendua. Horren lekuko igandean Capbreton (Landak) hirian eginen duten manifestazioa. Bizkitartean, megaproiektua aitzina eramateko baimenak lortzen ari dira oinarrian diren Red Electrica de España (REE) eta Reseau de Transport d’Electricite (RTE) egiturak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko abenduaren 02a
Argazkia: 'Interkonexio elektrikorik ez'

Itsaspetik eta lurpetik lotuko ditu Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Okzitania) herriak 400 kilometroko goi tentsioko argindar lineak –etengabean 400.000 volteko korrontea–. Megaproiektua gauzatzeko asmoz, Nelfe Interconnections Electrique France Espagne egitura sortu zuten Red Electrica de España (REE) eta Reseau de Transport d’Electricite (RTE) enpresek. Berriki arte isilean aurrera egin badute ere, azken hilabeteetan geroz eta arrabots gehiago eragiten dabil megaproiektua. Tartean, Stop THT 40 kolektiboa muntatu dute Landetan,herritar presioari esker linearen norabidearen aldaketa lortuz. Hala eta guztiz ere, borrokan segitzen dute eta megaproiektuaren ezeztatzearen alde aterako dira karrikara abenduaren 4 honetan, Capbreton hirian. Gatikan, berriz, ekainean mobilizatu ziren laurehun bat herritar.

"Eskualdean, jendeak ez du honen berri, ezta kablea haien lurretatik igaroko zaien lur jabeetako askok ere", ohartarazi zion Berria-ri Gatikako Interkonexio Elektrikorik Ez plataformako Isusko Alboniga, aurtengo maiatzean. Izkutuan aritzea leporatzen diote herritarrek Inelfe enpresari.

Lemoizko zentral nuklearrarentzat Gatikan sortu zuten azpiestazio elektriko bat erabiltzeko asmoa daukate. Haren ondoan, beste bat eraikiko dute, lauzpabost hektareakoa. Bertatik Lemoizko zentralaren eremura joango da, han itsasoratzeko eta Cubnezais arte bidaltzeko argindarra. Hamar kilometroko linea izanen da lurpetik, Gatika eta Lemoiz artean.

Ipar Euskal Herriko, Landetako eta Okzitaniako herritarrek haien iritzia emateko bidea daukate abenduaren 16a arte. Hain zuzen, inkesta publikoa martxan da, eta edonork eman dezake bere ikuspuntua projet-golfe-de-gascogne@mail.registre-numerique.fr helbidera idatziz. Desadostasuna bide horretatik entzunarazteko deia luzatua du ingurumenaren alde dabilen CADE elkarteak.

Megaproiektu zaharkitua

Europa mailan 2014an marrazturiko "2030 Framework for Climate and Energy" programaren baitan kokatzen da megaproiektua. Baina, CADEk deitoratzen duenari segi, orduz geroztik testuingurua eta nazioarteko giroa erabat aldatu direla eta, ezin zaio energiaren erronkari bide horretatik erantzun –"mundu mailako energia merkatu bat eta energia arloko egitura erraldoi baten xedea zegoen oinarrian"–.  Trantsizio ekologikoa ezinbestekoa dugun garai honetan, berriztagarrien alde egin beharra daukagu, baina ez edozein baldintzetan: Europa iparraldetik ezingo da bertako soberakina hegoaldera garraiatu. Kostu ekologikoa daukala dio Ekologistak Martxan elkarteak: "Konexio hori integratzea ahalbidetuko lukeen energia berriztagarriaren %40 garraio-sisteman zehar bero moduan galduko litzateke".

CADEk beste behin berresten du energia ekonomian eta kontsumoaren gutxitzean dugula aterabidea.

Ingurumenaren ikuspegitik ere kezka iturri da linea: "Ez dakigu horrek zer ondorio izan dezakeen. Eremu magnetikoak sortuko dira, eta ez dakigu espezie migratzaileengan –izokina, aingira…– zer eragin izango duen", Alvaro Campos EHUko irakasle eta ikertzailearen hitzetan. Landetako kolektiboa ere iritzi berekoa da: "Nahiz eta sustatzaileek aurkakoa erran, 400.000 volteko etengabeko korrontea ez da ohikoa. Gaia aztertu dugu, baita nazioarteko zientifikoekin ere, eta ateratzen dugun ondorioa da kaltegarria ez dela errateko segurtasunik ez daukagula".  Orokorrean, ikerketa anitzek diote  eremu elektromagnetikoek eragin kaltegarriak dauzkatela bizidunon osasunean.

Lurreko parteari dagokionez, "zazpi metroko lubakia egin nahi dute eta horretarako ehunka zuhaitz moztuko dituzte", Stop THT 40 kolektiboaren arabera.

Gatikan egindako manifestazioaren bideotxoa: