Gastibeltza filmak egitasmoa sortu berria da. Euskal zinema sortu eta produzitu asmoz abiatua. Senperen kokatua dago eta sortzaileek Euskal Herri osoko euskaldun guztiengana heldu nahi dute.
Eñaut Castagnet, Ximun Fuchs, Katti Pochelu, Josu Martinez eta Manex Fuchs dira sortzaile eta arizaleak. Zinema eta antzerki munduan ezagunak. Enpresa martxan jarri berri dute, eta honela aditzera eman ere: “Euskal zinema ekoitzi eta banatzeko sortu gara. Senperen dugu bulegoa eta Euskal Herri osoari begira ari gara lanean”.
Muga administratiboak “oztopo” izan beharrean, “abantaila” bihurtu nahi dituzte. Euskal Herri osoko koprodukzioa landu eta zabaldu ostean, banaketa Frantziara eta Europara hedatu asmoa baitute.
Muga administratiboak “oztopo” izan beharrean, “abantaila” bihurtu nahi dituzte. Euskal Herri osoko koprodukzioa landu eta zabaldu ostean, banaketa Frantziara eta Europara hedatu asmoa baitute
Iparraldean badaude zineman ari diren beste egiturak ere, hala nola, Gabarra banatzailea Lapurdin, baita Urruñako La Fidele ekoiztetxea ere. Kanaldude enpresak (Bidarrain kokatua) esperientzia dauka alorrean, Hazparneko Zinegin ekimena ere ezaguna da euskal zineman.
Gastibeltza filmak Senpereko Larralde egoitzan aurkeztu zuten atzo. Josu Martinezek erran zuenez, Ipar Euskal Herria “erakundetze” bidean dago eta “horrek aukera ematen du politika kulturala abian jartzeko”. Ikus-entzunezkoek ere toki bat har dezaketen esperantzaz ari dira sortzaileak.
Ximun Fuchs antzerkilari eta film zuzendariak hauxe adierazi zuen: “Beharrak handiak dira eta konkurrentzia beharrezkoa da. Hala ere, zinemagintzan elkarrekin ari izan behar dugu, betiere nork bere filosofia landuz”.
Josu Martinez eta Ximun Fuchsez gain, Manex Fuchs anaia ere proiektuan ari da, bera ere antzerkilari eta aktorea. Gastibeltzan ari da ere Eñaut Castagnet. Lantaldeko kidea da halaber Katti Pochelu, Zinegin jaialdiko antolatzaile lanetan aritua dena.