Aste honetan mobilizazio eta protestak gogortuko dituzte Bizkaibus konpainiarentzat lan egiten duten enpresetako langileek. Bi orduko lanuzteak egingo dituzte, goiz eta arratsaldeko txandetan, hiru egunez: astelehenean, asteazkenean eta ostiralean.
07:30etik 09:30era, goizez, eta 18:00etatik 20:00etara, arratsaldez izango dira lanuzteak astelehenean, hilak 16, asteazkenean, hilak 18, eta ostiralean, hilak 20. Gutxiengo zerbitzuak (%30ekoak) betetzen ari direla gogoratu du Garraio diputatu Itziar Garamendik.
UGT, CCOO, ELA, LAB eta LSB-USO sindikatuek hurrengo astean hiru orduko lanuzteak iragarri dituzte, goiz eta arratsaldeko txandetan, eta maiatzeko azken bi egunetan lau ordukoak.
Lan baldintzak prekarizatzeko saiakera
Bizkaibusen zerbitzua kudeatzen duten enpresek beharginen "lan-baldintzak okertu dituztela" salatzeko ari dira langileak protestan. Sindikatuen esanetan, enpresek "lan hitzarmen desberdinen nahasketa" baliatu dute beharginen "lan baldintzak prekarizatzen saiatzeko".
Horrezaz gain, aurretiaz aldeek sinatutako akordioa "haustean" eta lanpostuen "amortizazio kasuetan", Bizkaiko Foru Aldundiak "beste alde batera begiratzen jarraitzen duela" salatu dute.
Foru erakundeak "gaztazkatik aldendu nahi du 'lan arazo' izena emanaz gertatzen denari". Sindikatuek eta lan batzordeek adierazi dutenez, Bizkaiko Foru Aldundia izan zen "2013ko urrian indarrean zeuden lanpostuen jarraipena eta ez amortizatzeko adostasuna sinatu zuena". Bada, ez da sinatutakoa betetzen ari, "lanpostuak amortizatu baitira, 2013an eta 2014ko akordioak hautsiz".
Albiste hau Uriola.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.