argia.eus
INPRIMATU
Lanuztea “erabatekoa” izan da industriako enpresa garrantzitsuenetan, txikiagoa beste sektoreetan
  • Sindikatuek egindako lehen balorazioaren arabera, industriako enpresa handi askotako langileek bat egin dute lanuztearekin, zenbait kasutan jarraipena "erabatekoa" izan da gainera. Aldiz, beste sektoreetan, komertzioan eta enpresa txikietan kasu, eragina ez da hainbestekoa izan. 

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko urriaren 15
Elkarretaratzea Iruñean. Xabier Letona / ARGIA CC-BY-SA

Urriaren 15eko lanuzte eta greba deialdiak gauetik bertatik hasi dira nabaritzen hainbat enpresetan, lehen txandetarako ere deituta baitzeuden hiru eta lau ordutako paroak. Egunak aurrera joan ahala ikusi da nolako eragina izan duen Palestinaren aldeko aldarriak lantokietan.

ELAk goiz erdialdean egin du balorazioa. Azaldu duenez deialdiak batez ere industrian izan du indar gehiena, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan. Sindikatu horren arabera CAF, Indar, Sidenor, Cementos Lemona, Tubos Reunidos, Sapa, Tubacex, Sarriopapel eta beste hainbat enpresatan jarraipena "erabatekoa" izan da. Aldiz, txikiagoa izan da Nafarroako hainbat eskualdetan, Lizarraldean eta Iruñerrian kasu. Beste sektoreetako lantokietan ere eragina txikigoa izan dela nabarmendu du sindikatuak.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, PSEren Bilboko egoitza aurrean egindako elkarretaratzearen ondoren esan du, urriaren 15ak mezu garbia utzi duela: "Ezin zaio ezer erosi edo saldu Israeli". Hala, bere esanetan, "mezu zuzena da harreman justifikaezin eta lotsagarri horiek oraindik mantentzen dituzten enpresentzat".

Goizean goizetik

LAB sindikatuak lanuzteen hasiera bateko balorazio baikorra egin du eta azaldu du Guerra Hermanos, Natra Zahor, Indaux, Nemak, Jaso, Biele, Arisawa, Kidline, Mendiola, Elkar, Artiach, Unilever, Consonni, Hijos Juan de Garay eta beste hamaika lantegitan bat egin dutela deialdiarekin –sindikatuak emandako datuen arabera, hainbat lantokitan egindako asanbladetan %70eko babesa emana zioten lanuzteari–. Olaberriko Arcelorren ere lanuztea ia erabatekoa izan da eta Sestaokoan ekoizpena gelditu dute. Landabengo Volkswagen lantegian berriz, Euskal Herriko handiena, 150 ibilgailu gutxiago ekoiztera iritsi dira.

Bestalde, hainbat kooperatiatan ere planto egin dute: Oñatiko Ulma, Fagor Automation eta Fagor Ederlan, Arrasateko Copreci, Eskoriatzako eta Aretxabaletako HUHEZI, eta Lakuntzako Sakana Kooperatiba.

Goizean goizetik bilkurak egin dituzte lantoki horien atarietan eta pankartak ere ipini dituzte; hori dela-eta, Beasaingo CAFen ertzainek hainbat lagun identifikatu dituzte

Airaldeko ainbat enpresetako langileen elkarretaratzea. LAB
Bulebarreko zutabetik langileak Gasteiz erdigunerantz joaten. LAB
Irungo CAFeko langileak enpresa atarian. LAB

LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde, EHNE-Nafarroa, Solidari eta HIRU sindikatuek deituta manifestazio jendetsuak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Antolatzaileen arabera 110.000 lagun bildu dira eguerdiko manifestazio horietan.

Amaieran, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak esan du "milaka eta milaka" langile egin dutela bat lanuztec eta mobilizazio egunarekin eta "arrakasta handi bat" izaten ari dela. Israelekin harremenak "eten" egin behar direla nabarmendu du eta "boikot" egiteko deia luzatu die: "Bereziki gaur Confebask eta CENi mezu bat bidali nahi diegu: interpelatu ditzatela enpresak, argi eta garbi eskatu diezaietela Israelekin dituzten harremanak errebisatzeko eta eteteko, genozidioarekin eta kolonizazioarekin ezin delako negoziorik egin".

Beste sektoreetan gutxiago

Nolanahi ere, jarraipena ez da hainbestekoa izan enpresa txikietan eta komertzioan. Adibide baterako, Zarauzko Abendaño industrialdean soilik Gureak eta KSB lantokiek itxi dituzte ateak, ARGIAk ikusi ahal izan duenez.

Saltoki handietan ere normaltasuna gailendu da, Berria egunkariaren arabera Donostiako Belartza poligonoko saltoki handi gehienek ireki dute, hala nola Mercadonak eta Decatlhonek, gauza bera Usurbilgo Urbil merkatalguneko saltokiek ere.

Zerbitzu publikoetan, "abusuzko" gutxienekoak

Zerbitzu publikoetan Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuekin kritiko agertu dira sindikatuak. Osasunbidean eta Osakidetzan, adibidez %100eko "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituztela salatu dute.

Ospitaleen atarietan ere elkarretaratzeak egin dituzte. Sindikatuek gutxieneko zerbitzuak "abusuzkoak" izan direla salatu dute. ESK

Garraio publikoan, berriz, EAEn %30eko izan da gutxieneko zerbitzu hori eta Nafarroan %60 eta %40 artean, eskualdearen arabera. Bilboko metroaren kasuan, ohiko egun batean egiten dituen bidaien %70 egin ditu, ETBko Orain atariaren arabera.

Hala ere, administrazioan nola azpikontrataturiko hainbat zerbitzutan, hala nola Guggenheim Museoan, Bilboko eta Pasaiako Portu Agintaritzetan, edo suhiltzaileen parkeetan, "lanuzte eta mobilizazio nabarmenak" izan dira, LABen esanetan. Gainera, foru aldundiek eta 21 udalek ere ateak itxi dituzte lanuzteak iraun bitartean, baita hainbat kiroldegik ere.