argia.eus
INPRIMATU
Bugonia
Lanthimos, beti bezain zoro
Eneko Atxa Landa 2025eko irailaren 24a

Yorgos Lanthimos oso zuzendari berezia da. Poor Things (Izaki gaixoak) ikusi bazenuten, ondo jakingo duzue. Ez nuen birritan pentsatu pelikula hau aukeratzeko garaian, ikusi ditudan zuzendari honen filmak oso gustuko izan baititut. Lotsagabeak dira bere lanak, baita arraroak ere, ez denen gusturako eginak; baina merezi dutenak, nire ustez.

Bugonia luzemetraia ikusi dut. Will Tracyk idatzitako kontakizun ero honetan, Teddy (Jesse Plemons) eta Don (Aidan Delbis) lehengusuak ekintza arriskutsu bat antolatzen ari dira: Teddy konturatu da enpresa handi bateko jabea, Michelle (Emma Stone), izatez, Lur planeta suntsitu nahi duen estralurtarra dela; horregatik, bahitu eta estralurtarren buruarengana eraman ditzan eskatzea da bien plana.

Sinopsia ezin xelebreagoa da, eta pelikularen garapena beste horrenbestekoa. Oso pelikula dibertigarria da, baita barregarria ere, zuzendariaren estiloa atsegin baduzue. Apur bat gore-a eta biolentoa, ez gehiegi, baina oso era komikoan. Pelikula osoan zehar algarak entzun dira Antzoki Zaharrean, egoera ezin surrealistagoak ikusi baititugu.

Ikuspuntu filosofikoagotik begiratuta, konspirazioen eta erradikalizazioaren inguruko mezua bidali du pelikulak. Traman zehar jakingo dugun arrazoi bategatik, Teddy konspirazioen munduan sartzen eta sakontzen hasia zen. Umoretik kontatutako istorioa izan bada ere, azken urteetan indartutako fenomeno soziala izan dira konspirazioak, interneten eraginez, batez ere. Ondo karakterizatu du konspiranoiko estremista estatubatuarra, ez tankera errealistan, oso muturrera eramanda eta estereotipatuta baizik, istorioak eskatzen zuen gisan. Ez dut uste, hala ere, bereziki saiatu denik problematika hau salatzen edo deskribatzen. Ikuspuntu horretatik ondo garatutako filma ikusi nahi baduzu, ez aukeratu Bugonia.

Film hauek beste produkzio maila bat izaten dutela esango nuke, aktore oso ezagunak erabiliz, besteak beste. Eta alde horretatik bikaina izan arren, gidoia izan da atentzio gehien eman didana, benetan eroa eta desberdina izan delako. Ondo pasatzeko gogoz bazabiltzate, joan zinera, eta emaiozue aukera; baina kontuan izan: Lanthimos, Lanthimos da.