Europan espetxeraturik urte gehien –35.a betetzen oraintxe– daraman preso politikoaren inguruan film bat ari dira ekoizten, urriaren 24an Bordelen aurkeztuko dutena. Kalitatez txukunez burutzeko beharrezko diren 10.000 euroak jendeen ekarpenez biltzeko kanpainari ekin diote Frantziako Estatuan.
Euskal preso politiko anda bildu duten Lannemezaneko presondegian urriaren 24an beteko ditu zehazki 35 urte preso Georges Ibrahim Abdallah militante ezkertiar libanoarrak. Aspaldi kalean behar zuen 68 urteko gizonak ez du lortu espetxetik irteterik, epaileek horretarako baimena eman arren, baina Parisko gobernuek batak bestearen ondotik lortu dute Abdallahk preso jarraitzea, AEBek horretarako presio egin duelako, bere abokatuek salatu eta Wikileaksek frogatu zuenez. 1980 hamarkadako Ekialde Hurbileko gatazken arrasto fosil bat bezala atxikitzen duten gizon honen kasua ARGIAk kontatua du "Georges Abdallah amerikarren preso Lannemezanen" erreportajean.
Orain istorio latz hori film bihurtzen hasi da Pierre Carles kazetaria. Carles ezaguna egin zen mundu frankofonoan 1992an erakutsi zuelako nola telebista frantsesetako izarra zen Patrick Poivre d’Arvorrek faltsutu zuen Fidel Castrorekin egindako sasi-elkarrizketa. 1995an "Pas-vus à la télé" (Telebistan ikusi ez direnak) egin zuen, non salatzen zuen kazetarien eta politikarien arteko konplizitatea.
Orain ekin dio Abdallahren kasuari: film berria deituko da "We want Georges ibrahim Abdallah in jail" (Abdallahk espetxean segitzea nahi dugu). Titulua espres dago ingelesez jarrita, esaldi hori Iparramerikako agintariena delako. Urtero presoaren elkartasunezko manifestazioa Lannemezaneko presondegiaren atariraino eramaten duten militanteen artean dagoenekoz 3.500 euro bilduak dituzte eta filma kostatuko den 10.000 euroetara falta direnak osatzeko crowdfundinga antolatu du Le Grand Soir hedabide ezkertiarrak. Diru-bilketa Le Pot Commun plataforman ari dira egiten.