argia.eus
INPRIMATU
‘Langraiz Bidearekin’ bat egin duten hiru presori hirugarren gradua ukatu diete
  • Iñaki Rekarte, Kepa Pikabea eta Aitor Bores euskal presoei hirugarren gradua ukatu die Espainiako Barne Ministerioak, Langraiz Bidearekin bat egin duten arren. Espetxe zigor oso luzeak dituztelako eta erantzukizun zibilagatik pilatutako zorrak oraindik ordaindu ez dituztelako ukatu diete hirugarren gradua.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko martxoaren 25
Zaballako kartzelan daude Rekarte, Pikabea eta Bores.

Rekartek 1.200.000 euroko kalte-ordaina eman behar du, eta Boresek 600.000 eurokoa, Europa Pressek jakinarazi duenez.

Zaballako kartzelan dituzte preso hirurak. ETArekin harremanak hautsi zituzten eta egindako atentatuen erantzukizun zibila onartu zuten. ETAk kanporatu egin zituen horregatik, baita Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ere.

Ez da nahikoa izan, ordea, Barne Ministerioak hirugarren gradua emateko. Espainiako Gobernuak adierazi duenez, PSOEk bultzatu zuen Langraiz Bidea "iraganeko kontua da", eta presoak gizarteratzeko plana da aplikatu beharrekoa.

Presoen abokatuek erabakiaren aurkako helegitea jarri dute.