argia.eus
INPRIMATU
Langileen eskubideen aldeko manifestazioan dabiltza Baionan
  • CGT eta LAB sindikatuek deiturik, manifestazioa burutzen dabiltza Baionan. Frantziako Gobernuaren politikak –langileen eskubideak, babes-sozialak eta lanpostuak desagerrarazteko neurriak– salatzen dabiltza. Bertaratzeko deia luzatu du EH BAI ezkerreko koalizio abertzaleak ere.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 17a

CGT eta LAB sindikatuek argi dute: "Osasun krisia aitzakia izan da enplegatuen eta funtzionarioen eskubideen kontra jotzeko". Hori horrela, Frantziako Gobernuaren politika salatzeko mobilizazio eguna finkatu du CGTk eta LAB ere juntatu zaio. Une honetan Baionako karriketan manifestazioa burutzen dabiltza ehundaka lagun.

35 orduko lan-astearen muga malgutzeko aukera, oporrak konfinamendu garaian hartzera bultzatu izana, ala beste, sindikatuek salatzen dutenez, harturiko hainbat neurri langileen eskubideen aurka doazte.

Horrez gain, egoerak okerrera egingo duela uste dute: Unedic-en aurreikuspenen arabera, 2020ko bukaeran 900.000 lanpostu suntsituko dira Frantziako Estatuan. Gobernuak zein patronalak logika berean segitzen dutela deitoratzen du CGTk: "Ez da deus egiten aberastasunaren banaketa justu bati begira. Kontrakoa, enpresentzako opariekin segitzen dute, bereziki akziodunak gizentzen dituzten talde handientzat. Ezer ez eguneroko langileentzat eta interes kolektiboarentzat".

EH Bai koalizioak ere bat egin du protesta egunaren deiarekin: "Konfinamendu garaian, Frantziako Gobernuak hainbat neurri hartu zituen krisiari aurre egin ahal izateko. Baina, onartezintzat jotzen dugu, egoera hontaz baliatu izana Lan Kodigoan zein eskubide sozialei murrizketa gehiago inposatzeko".