Langileen arteko diskriminaziorik gabeko euskal unibertsitate publiko baten alde

  • Badakigu unibertsitateko irakasleen diskriminazioari buruz hitz egitea arrotza egingo zaiola jende askori. Are gehiago, Enpleguaren Erregulazio Espedienteak, enpresak ixtea edota gazte ugari langabeziara edo migratzera kondenatuta egotea ohiko bilakatu diren garai honetan.


2016ko maiatzaren 09an - 10:35

Hala ere, beharrezko jotzen dugu UPV/EHUren baitan zenbait irakasle eta ikertzaile kolektibok pairatzen dugun diskriminazioa salatzea; izan ere, egoera oraindik gehiago larritu da Gobernu espainiarrak 2012an birjartze tasa ezarri zuenetik, hau da, urteko erretiroen zenbatekoak sor daitekeen plaza iraunkor kopurua baldintzatzen duenetik.

Gure egoera ulertarazteko ezinbestekoa da unibertsitateko irakasleei buruzko zenbait sineskeria argitzea (besteak beste, 3 hilabeteko oporraldia izatea, soldata altuak, lanaldia klaseetara mugaturik izatea…). Gure lan-orduak hiru jardueren artean banatzen dira: irakaskuntzaz gain, ikerketan ere aritzen gara (irakaskuntzari beste edo denbora gehiago eskainiz), baita kudeaketan ere. Udako gure oporrak hil bakarrekoak dira. Askok uste duenaren kontra, gure lan garaia ez da iraileko eskolekin hasten ezta azterketekin amaitzen ere.

Unibertsitateko irakasle izateko bidea ez da batere erraza. Iraupen-lasterketa baten antz handia dauka, eta oztopo ugari ditu sarritan. Azken urteetan, gainera, helmugara hurreratzen goazen heinean km batzuk urruntzen digute hura. Irakasle-ikerlari gazte gehienok atxiki plazak okupatzen ditugu, alegia, gehienez ere bost urtez luza daitekeen kontratu ez iraunkorra. Kasu askotan, gainera, 400 euro eskaseko soldata duten lanaldi murriztuko ordezkapenetan ibili eta gero. Atxiki plazara iristeko, doktoretza tesia defendatzeaz gain, akreditaziorako agentzia baten ebaluazio prozesutik igaro gara (merituen araberako gaitasunaren aitorpena jasotzeko) eta oposaketa bat gainditu dugu. Hori guztia gutxi balitz, akreditazio berri bat lortu eta bigarren oposaketa bat gainditu behar dugu lanpostu iraunkor bat izateko.

Irakasle atxiki gehienok irakaskuntza bi hizkuntzetan ematen dugu, eta askok hirugarren baten ere bai. Oro har, maila altuko ikerlanean dihardugu, nazioarteko aldizkarietan argitalpenak eginez eta urtero zenbait kongresutan parte hartuz. Horretaz gain, gutako askok atzerriko unibertsitate edota ikerketa-zentroetan egonaldiak egin ditugu. Lehiakortasun handiko giroan egiten dugu lan, horrek dakarren itzelezko lan-kargarekin, eta sarri lan eta familia arloko bizitza uztartzea izugarri zailtzen da. Beste lan-figura batzuk dituzten lankide ugari gurearen antzeko egoeran daude, urte askoren ostean euren egoera egonkortzeko zain.

Unibertsitateko irakasleen oinarrizko ordainsaria Estatuko soldata- taulen arabera ezarrita dago, eta irakaskuntza publikoko beste hezkuntza maila batzuetakoa baino nabarmenki baxuagoa da; esaterako, bigarren hezkuntzako irakasle batena baino %22 baxuagoa. Soldatak osatzeko asmoz eta ekoizpen-estimulu gisa osagarri-sistema konplexu bat sortu zen (ez plusak), besteak beste, bosturtekoak eta seiurtekoak, irakaskuntzari eta ikerketa lorpenei dagozkionak, hurrenez hurren. Gutariko askok osagarri horiek jasotzeko merezimenduak izanda ere, sistematikoki ukatu zaigu horiek eskatzeko eskubidea, ez-iraunkor garela argudiatuta; hots, meritu bera izanda, irakasle bati aitortu egiten zaio, eta besteari, berriz, ukatu. Diskriminazio larria da hori, soldata kontuez haratago, motibazioa galtzea baitakar eta haserrea eragin. Gainera, aipatutako birjartze-tasak sortutako “tapoian” 200 irakasle inguru gaude figura iraunkorretarako akreditatuta, plaza noiz sortuko zain (batzuk 3 urte baino gehiagoz).

Azken hilabeteetan, konponbide baten beharra aldarrikatu dugu zenbait ekimenen bidez. Abenduan Errektoretzako eraikinaren aurrean elkarretaratze bat egin genuen eta 60 bat bosturteko eskari erregistratu ziren era sinbolikoan. Martxoan aldaketa kualitatibo garrantzitsua eman zen, irakasle batek 2013an ipinitako salaketari erantzunez EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako sententzia bati esker. Honakoa ezartzen du sententziak: lan-urteen irizpidearekin konplitzen den kasuetan tratua ezin dela desberdina izan kolektiboen artean, eta, beraz, bosturtekoen deialdian parte hartzeko aukera eskaini behar dela. Gure eskaerak behin eta berriz ukatu ondoren, UPV/EHUko Gobernuak irakasle ez egonkorrek bosturtekoak eska ditzakegula aitortu behar izan du. Dena den, amarru berri baten aurrean gaude oraingoan ere: bosturtekoak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren (EJ) dekretuak osagarriaren zenbatekoa figura iraunkorretarako baino ez duenez ezartzen, irakasle ez iraunkorroi bosturteko bakoitzeko zenbat diru legokigukeen ez dakitela argudiatzen dute, eta EJren dekretua noiz aldatuko zain, ordainketa horretara baldintzaturik uzten du. Bitartean, EJk beste alde batera begiratzen du, eta injustizia hori betikotzea ahalbidetzen.

Auzi honen oinarrian ez dago soilik osagarri horiek ez kobratzea, baizik eta bi jarrera agerian geratzen direla: alde batetik, UPV/EHUko Errektoretza taldea langileen arteko diskriminazio egoera argi hau konplexurik gabe onartzeko prest dago; bestalde, EJk ez du irakaskuntza (unibertsitate mailakoa, kasu honetan) lehenesten, ezta estrategikotzat hartzen ere. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen egoera erraza ez bada ere, ikusten dugu nola bideratzen den diru-kopuru erraldoi bat jendarteak zalantzagarri jotzen dituen makroproiektuetara, eta, bitartean, unibertsitatearen aurrekontuan ia ez da aldaketarik egon azken urteetan. UPV/EHUk ere zailtasun ekonomikoak dituela badakigu, baina hori ezin da aitzakia izan zilegi diren aldarrikapenetan langileak ez babesteko. Izan ere, hainbeste desio dugun plaza iraunkorra noiz atera zain gaudela etsipenera bultzatu nahi gaituzte, “lan egin eta ez kexatu” esan nahiko baligute bezala. Etxe barruko gaietan ere kontuan izan behar dira UPV/EHUko estatutuek jasotzen duten berdintasunerako eta diskriminaziorik ez izateko eskubidea, baita horrenbestetan aipatzen den erantzukizun soziala ere. Kalitatezko unibertsitate publiko baten aldeko apustu argia egin dezaten eskatzen diegu EJri eta Errektoretza taldeari. Eta horrek lan-diskriminazioarekin amaitzea eta egoera txarrenean dauden kideak zaintzea esan nahi du; euskal unibertsitate publikoaren etorkizunaren bermea diren irakasle eta ikertzaileak, hain zuzen ere.

 

Sinatzaileak: UPV/EHUko irakasle ez iraunkorrak:

1    Iñaki Etaio 

2    Olaia Martínez 

3    Susana Conejero -A

4    Fernando Sarrionandia-Ibarra

5    Jule Goikoetxea

6    Arrate Agirrezabal Prado 

7    Arantza Rico Martínez

8    Luismi Uharte 

9    Jone Martínez-Palacios 

10   Asier Blas Mendoza 

11    Diego Rada Fernandez de Jauregi

12    Andoni Ramirez

13    Francisco Javier Muñoz Fernández

14    Leyre  Gravina Alfonso 

15    Unai Fernández de Betoño Sáenz de Lacuesta

16    Edu Zelaieta

17    Koldobika Martin Escudero

18    Teresa Zamalloa Echevarría 

19    Mikel Iruskieta

20    Irene Sierra García

21    Inge Axpe

22    Esti Sarrionandia Areitio

23    Teresa Morera

24    Cristina Miguelez

25    Maite de Blas Martín

26    Felix Olasagasti

27    Gustavo Amores Olazagirre

28    Gaizka Mejuto Hidalgo

29    Elizabete Manterola

30    Iker Etxano Gandariasbeitia

31    Arrate Lasa

32    Jonatan Miranda Gomez

33    Auxkin Galarraga Ezponda

34    Ana Luisa López Vélez

35    Oier Etxebeste Juárez

36    Hilario Murua Cartón

37    Izaskun Alvarez Meaza

38    Aitor Erkoreka Gonzalez

39    Raquel Justo Blanco

40    Alazne Aiestaran Yarza

41    Iñaki Gandarias Goikoetxea

42    Asier Vallejo Ruiz

43    Kristina Zuza Elosegi

44    Ibon Saratxaga Couceiro

45    Gaizka Garechana Anacabe

46    Harkaitz Bengoetxea Odriozola

47    Amaia Torregaray Larruscain

48    Unai Villalba

49    Xabier Lamikiz Gorostiaga

50    Valeriano Sanchez Famoso

51    Unai Aberasturi Gorriño

52    Raúl Montero

53    Virginia Guillen Cañas

54    Ainhoa Iglesias Ara

55    Ainhoa Ruiz Aracama

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude