argia.eus
INPRIMATU
Langileen %80ri eragingo dion Erregulazio Espedientea ezarriko du Mercedesek
  • Mercedesek Gasteizen eta Bartzelonan dituen egoitzetako langileriaren %80 kaltetuko duen Enpleguaren Erregulazio Espedientea (EEE) aurkeztu du, Diario Vascok gaur argitaratu duenez. Hilabete baten buruan ezarriko den espedienteak Arabako hiriburuko egoitzan lan egiten duten 3.138 laguni eragingo lieke. Hiru denboralditan ezartzea pentsatu du enpresak: apirilaren 5etik 12ra, uztailaren 22tik abuztuaren 2ra eta irailaren 2tik 13ra.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko otsailaren 19a
Emilio Titos, Mercedesen Gasteizko egoitzako zuzendaria (argazkia: dna)

Honez gain, martxoaren azken astean, apirileko lehenengo bietan eta udaran zehar geldialdi teknikoak izango dira, Gasteizko egoitzan CCOOko ordezkari den Roberto Pastorrek esan duenez. 55 urtetik gorakoak eta geldialdi uneetan instalazioen mantenuaz arduratuko diren langileak ez dira kaltetuak izango. Kaltetuak izango direnek, bestalde, soldata gordinaren %80a eta oporren eta aparteko ordainsariaren %100a jasoko dituzte.

EEEa ezartzeko arrazoiak teknikoak soilik direla esan dute. Hartutako neurria, Mercedesen VS20 furgoneta berria fabrikatu ahal izateko egoitzetan egin beharreko berrikuntzak aurrera eramateko beharrezkoa dela gehitu dute. Pastorrek dioenez, "onargarria" da neurria, hitzartutako baldintzak "arrazoizkoak" direlako.