Langileek euren aldarrikapenak ozen entzunarazten dituzten eguna


2003ko maiatzaren 01an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:00

Jon Torner jontorner@argia.eus
1889az geroztik, maiatzaren 1ean munduko langileria kalera atera ohi da bere aldarrikapenak entzunarazteko. Urte hartan II. Internazionalak egun hau Langileen Nazioarteko Eguna izendatu zuen eta urtez urte, maiatzaren lehena iristean manifestazio eta ekitaldi ugari izan ohi da han-hemenka. Hain data esanguratsuaren iturriak, hala ere, 1886an kokatzen dira. Urte hartako maiatzaren 1ean Chicagoko hainbat langilek gose grebari ekin zioten zortzi orduko laneguna errebindikatuz. Hurrengo egunetan milaka langile batu ziren herrialde osoan zehar eginiko grebatara eta manifestazio ugari antolatu zituzten. Ondorioz errepresio gogorra jasan behar izan zuten eta biolentziak ikaragarri egin zuen gora. Hala, greba hasi eta bi egunera poliziek McCormick Reaper Works lantegiko grebalari bat hil zuten. Hurrengo egunean, Chicagon, poliziek manifestazio baten aurka egin zutenean, bonba batek eztanda egin eta polizia bat hil zen. Gainera, 200 lagun zauritu ziren, eta horietatik zazpi, poliziak guztiak, hurrengo egunetan hil ziren. Haymarket-eko tragedia bezala izendatu zuten gertaturikoa. Bonba nork jaurti zuen ziur jakiterik izan ez zen arren, langileen protestak gidatu zituzten zortzi buruzagi anarkista heriotza zigorrera kondenatu zituzten. Horietako lau urkatu egin zituzten eta bosgarren batek ustez bere buruaz beste egin zuen hil behar zuten eguna iritsi baino lehen. Haien omenez II. Internazionalak maiatzaren lehena langile-errebindikazioen eguna izendatu zuen 1889an, Bordele hirian burutu zuen batzarrean. Geroztik, mundu osoko sindikatuak kalera ateratzen dira egun honetan. Hainbat lotura interesgarri: - Chicagoko Historia Elkartea: bere web gunean 1886ko gertaerei buruzko irudi galeria bat biltzen du - III. Internazionala. V.I. Lenin-en artikulua (1919). Gaztelaniaz. - I., II. eta III. Internazionalak. Columbia Entziklopediatik hartua. Ingelesez. Euskal Herrian, 1890eko maiatzaren 4an Euskal Herrian, Maiatzaren Lehena 1890eko maiatzaren 4an ospatu zen lehen aldiz, Bilbon. Langileek igandean burutu nahi izan zituzten mobilizazioak, ospakizuna lanegun batean eginez gero arazoak sortu zitezkeelako. Bizkaiko langileek eginiko kontzentrazioetan ez zen istilurik izan baina hurrengo egunetan enpresaburuek hainbat langile kanporatu zituzten. Horren aurrean langileek grebarako deia egin zuten. Espainiako Gobernuak ordea, salbuespen egoera agindu eta errepresio gogorraz erantzun zuen. Dena den, langileek euren aldarrikapenei eutsi zieten. Lanorduak murriztea eta kaleraturiko langileak berriro kontratatzea ziren euren eskarietako bi. Lau mila meatzarik egin zuten bat grebarekin eta ordu gutxira Barakaldo eta Sestaotik iritsitako 6.000 lagun gehiagoren babesa jaso zuten. Maiatzaren zazpian, itsasadarreko lantegiak itxita egon ziren. Hogei mila langile gehiagok Bilborantz jo zuten ondoren eta orduantxe iritsi zen enpresaburuen eta langileen arteko hitzarmena, nahiz eta lantegietako nagusiek ez zuten hau bete. Gaurko deituriko manifestazioak Euskal Herrian hainbat manifestazio egingo dira gaur. Gehienak Bilbo izango dute eszenatoki baina gainerako hiriburuetan ere ozen entzungo dira langileen aldarrikapenak. ELA, LAB, EHNE eta Hiru sindikatuak batera manifestatuko dira Bizkaiko hiriburuan, "Langileok, Demokrazia, Justizia eta Autodeterminazioa" lelopean. Lau sindikatu hauek gaurko prestatu duten kartelean "Euskaldunon Egunkaria" izan dute gogoan, bertako langileekiko elkartasunaren adierazgarri. Bestalde, ESK eta STEE-EILAS-ek batera entzunaraziko dituzte euren aldarrikapenak Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzten manifestazioetan. Iruñean eta Tuteran, CGTrekin bat egingo dute. Euskadiko CCOO eta UGT-Euskadi ere batera manifestatuko dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen, "Enplegu gehiago eta lan eskubideak. Gerrarik ez!" lemapean. Nafarroan, ordea, bakoitzak bere manifestazio propioa egingo du, CCOOk Iruñean eta UGTk Donezteben. CNT eta USO ere, Bilbon elkartuko dira, bakoitza bere aldetik. Iparraldean, CGT, CFDT, CFTC, UNSA, FO eta FSU sindikatuek Baionan egingo dute euren manifestazioa, goizeko 10:30etan, Lan Poltsatik abiatuta. LAB ere han izango da. Sindikatu abertzaleak Maulen ere ekitaldi bat egingo du ELBrekin batera. Hainbat lotura interesgarri: - Sindikatu abertzaleak batasun galduaren bila(Daniel Udalaitzek ARGIAren azken alean -1.897.ean- idatzitako erreportajea) - Lanaren Mundu-Konfederazioa (CMT) - Lanaren Nazioarteko Bulegoa (ILO) - Hego Euskal Herrian aurten izandako lan istripuak (Gara) - IUren manifestua ("Por la paz, por el empleo estable con derechos y la libertad")

Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Meatzarien grebak
Trapagaran (Bizkaia)
Burdin goseak zauriz bete zuen mendia

“Arrakalatuta utzi digute hegazkinek zerua”, abesten zuen Txuma Murugarrenek. Eta, horixe bera pentsatu dut Larreineta funikularretik jaitsi eta Zugaztietara (Arboledara) bidean: arrakalatuta utzi ziguten meatzariek Trianoko mendi gaina, Peñas Negras... [+]


Anarkismoa Euskal Herrian
130 urteko historia gorabeheratsua

Euskal anarkismoaren mugimendua aurrera atera zuten pertsonaiak eta eztabaidak aztertu ditu Juantxo Estebaranzek bere azken liburuan: Breve historia del anarquismo vasco (Txertoa 2011). Historia horren errepasoa egin dugu, egilearen beraren laguntzarekin.


2011-07-17 | Josu Chueca
SOVtik ELAra
Sindikatu abertzalearen metamorfosia

1911ko uztailean sortu zen Solidaridad de Obreros Vascos, egun Euskal Langileen Alkartasuna (ELA) izenarekin ezagutzen dena. Sabino Aranaren ideien altzoan sortutako sindikatuak klase sozialen arteko elkarrizketa predikatzen zuen eta sozialismoa deitoratu. Aldiz, orain,... [+]


2008-05-04 | Daniel Udalaitz
Maiatzaren lehena Euskal Herrian
Meatzarien 1890eko maiatza
Etxebizitza duinaren eta zortzi orduko lanaldiaren aldeko lehenengo greba historikoa 1890ean egin zen Euskal Herrian, Bizkaiko meatzetan. Grebaren erdigunea Trapagarango Zugaztieta auzoa izan zen eta handik Ezkerralde osora hedatu zen. Gobernuak “gerra egoera”... [+]

Eguneraketa berriak daude