ATH-ELE Etxeko Langileen Elkarteak deitu du elkarretaratzea, Darucama itxi dezatela eskatzeko. Langileei iruzur egiten dien enpresa da Darucama, eta Lan Ikuskaritza iruzurraren jakitun bada ere, enpresari ez diote jarduna eten. Horren froga gisa, langile batek azaroan Darucamarekin sinatutako kontratu bat aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailean, elkarretaratzea egin bitartean.
ATH-ELE Etxeko Langileen Elkarteak antolatuta, asteazkenean elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren ateetan, Darucama itxi dezatela eskatzeko. Salatu dutenez, kooperatiba faltsua da Darucama; Interneteko lan-eskaintzen bidez harrapatzen dute lan bila dabilen jendea, eta laneko egonkortasuna hitzematen diete kooperatibista gisa sinatuz gero. Baldintzak onartzen dituen langileari, DZFN ziurtagiri digitala eskatzen diote, eta behin hori eskutan, enpresak autonomo gisa ematen die alta langileei. Alegia, autonomo faltsu bilakatzen ditu, langileei kontsultatu gabe.
Prozesu horretan, langileek beren eskubideak galtzen dituzte: gutxieneko soldata, astean gehienez 40 orduko lan jarduna, atsedenak... Hori gutxi ez, eta ATH-ELE-k jakinarazi duenez, langileak lana utzi nahi dutenean mehatxu egiten die enpresak, zaintzen ari diren pertsonak abandonatzeagatik salaketa jarriko dietela esanez. "Errematea da laneko azken hilabetea ordaindu gabe uzten dutela", adierazi du elkarteak.
Darucamak langileei iruzur egiteko sarea osatzen du Cruz Azul izeneko enpresarekin batera, zeinaren sorrerako estatutuetan Darucamaren atzean dagoen jendearen izenak ageri diren (Valentzian du egoitza batak zein besteak, baina Espainiako Estatuko hainbat txokotan jarduten dute). ATH-ELE-k "zaintza zerbitzuetako enpresa pirata" gisa definitu du Cruz Azul, eta El Salton irakur daitekeenez, zaintza zerbitzuek behar dituzten familiak erakartzea da bere eginkizuna. Behin Cruz Azulek bezeroak lortuta, Darucamako langileen zerbitzua eskaintzen zaie. Sevillako (Andaluzia) Etxeko Langileen Elkarteko (Asociación de Trabajadoras y Trabajadores del Hogar de Sevilla) kide Jaqueline Amayak El Salton azaltzen duenez, zerbitzuen eske jo duenak ordaintzen duenaren zati handiarekin geratzen dira bitartekariak: "Kasu batzuetan, langileak 800 euroko hileko soldata jasotzen du, familiak 3.000 euro ordaindu dituen bitartean". Eta ez hori bakarrik: zerbitzua kontratatu duten bezeroei baja emateko trabak jartzen dizkiete, baita zerbitzua bitartekaritzarik gabe kontratatzeko oztopoak jarri ere.
Hainbat dira Darucamatik pasa eta bertan bizitakoa salatu duten langileak. Ondorioz, azaroaren 7an Espainiako Estatuko etxeko langileen hainbat kolektibok Espainiako Lan Ministerioari bidalitako gutunean azpimarratzen denez, Lan Ikuskaritza iruzurraren jakitun da. ATH-ELE-k adierazitakoaren arabera, Lan Ikuskaritzak urtebetetik gora darama ebazpenetan gauza bera esaten: Darucama kooperatiba faltsua dela. Alabaina, martxan eta langileei iruzur egiten jarraitzen duela salatu dute, eta elkarretaratzea gauzatu bitartean, horren froga eraman dute Bizkaiko lan-adiskidetzeen zerbitzura: Darucamak azaroaren 30ean egindako lan kontratua.
Elkarretaratzearekin bat egin dute ondoko eragileek ere: Argilan-ESK, Argitan, Berri-Otxoak, CNT, ELA, EMF-Sociosanitarias Feministalde, Kakitzat, LAB, Munduko Emakumeak Babel, Steilas eta Trabajadoras No Domesticadas.