argia.eus
INPRIMATU
Langileak COVID-19az babesteko neurriak hartzera behartu du Osakidetza EAEko Justizia Auzitegiak
  • ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Osakidetzari salaketa jarri diote EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, "langileen osasuna gaixotasun kutsakorren kutsatze arriskutik babesteko, Osakidetzak Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea urratzen duela ikusita". Auzitegiak kautelazko agindu hau eman du: langileek lanaldiaren barruan norberaren garbiketarako 10 minutu izatera behartzen du Osakidetza, COVID-19a hedatzea ekiditeko. Bestalde, hauei armairu bikoitz bat ematea ere eskatzen du, laneko arropa eta objektu pertsonalak espazio desberdinetan utzi ahal izateko.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 17a
Argazkia: ELA sindikatua.

Honela egin dute sindikatuek gertakarien kontaketa: "Joan den uztailean, Bizkaiko Lan Ikuskaritzak arrazoia eman zigun, eta Osakidetzari eskatu zion beharrezko neurri horiek har zitzala. Urriaren 2an, sindikatuok berriro eskatuta, adiskidetze-ekitaldia egin zen, eta Osakidetzak Lan Ikuskaritzaren errekerimendua neurri zehatzik eskaini gabe egiteko betebeharra aitortu zuen, ohi bezala pasibotasuna erakutsiz. Orain, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak 2020ko azaroaren 11ko auto hau eman du demandari erantzuteko, eta kautelazko neurri hauek aitortu dizkie Osakidetzako langileei".

10 minutu norbera garbitzeko

COVID-19 birusa duten edo izan dezaketen pertsonekin zuzeneko edo zeharkako harremana duten langileei dagozkie bere burua garbitzeko 10 minutuak. Baita gaixo horiek dauden edo artatzen diren egoitzetan lan egiten duten edo bertatik igarotzen diren langileei ere. Beti lanaldia amaitzean hartu beharko dute denbora hori, edo bazkaldu aurretik, lanaldi zatitua dagoenean.

Behin-behineko langile batzuek ez dute armairurik

Sindikatuek salatu dute osasun-zentro eta ospitale askotan behin-behineko langile batzuek ez dutela armairurik, eta beren gauzak motxila batean utzi behar izaten dituztela: "Horrela, gaixotu eta COVID-19a eta beste gaixotasun infekzioso batzuk familiari eta komunitate osoari zabaltzeko arriskua izaten dute".