argia.eus
INPRIMATU
Langileak ahalduntzea, enpresa komunitarioetan parte-hartzea sustatzeko gakoa
  • Beterri Saretuz programaren baitan, enpresetan parte-hartze maila neurtzeko eta pertsonen ahalduntzea nola sustatu ikasteko saioa egingo dute ostegunean Martin Ugalde Kultur Parkean.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 12a
Joan den apirilean \'Beterri Saretuz\'-ek Hernanin egindako saioa (argazkia: Bira Produkzioak)

Parte-hartzean oinarrituriko enpresen ekosistema bat sortzeko bidean, Beterri-Buruntza eskualdeko eragile sozial eta enpresa komunitarioek aurrera jarraitzen dute Beterri Saretuz programaren baitan aurten antolatutako egitarauarekin. Hala, ostegun honetan, hilak 13, pertsonen ahalduntzean oinarrituriko saioa egingo dute Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkean, goizeko 9:30ean hasita.

Iaz hasitako prozesuko ondorio nagusietako bat izan zen ekonomia sozial eraldatzailearen balio nagusietako bat, pertsonen ahalduntzea, funtsezkoa zela enpresetan parte-hartzea sustatzeko. Programarekin bat egin duten enpresek gako hori lantzeko beharra ikusi zuten, eta hala, “gure erakundeetako partaidetza maila neurtu eta ahalduntzeari tartea eskaini eta elkarrengandik entzun eta ikasteko aukera baliatuko dugu oraingo honetan”, azaldu dute antolatzaileek.

Euren esanetan, partekaturiko iritzietatik ikusi zuten ahalduntze prozesuak martxan jartzeko ezjakintasun handia dagoela enpresetan. Harago Aholkularitzaren eskutik, beraz, gai hori landuko dute, euren esperientzian oinarrituta, teoria eta praktika uztartuz.

Bestetik, saio berean erantzunkidetasun sozialaz ere ariko dira, eta esperientzia konkretu bat ezagutuko dute bertaratzen direnek, Farapi Kooperatibak martxan jarritako Erakide tresnaren bidez. Hain justu, hainbat enpresek prozesua abiatu dute tresna hori baliatuz eta horren berri ere emango dute.

Saioan parte hartzeko izena eman daiteke oraindik, honako helbidean: https://labur.eus/vyZDl