Anoetako estadioko obretan iparraldeko estalkia eraikitzen ari zela larri zauritu da langile bat asteazkenean, arnesa lotua zuen egitura hautsi ondoren. Azpikontrataturiko enpresa batentzat egiten du lan eta ELAk salatu du halako egoerak "azkar eta merke" jokatzearen ondorio direla.
Hogei metro behera erori da 51 urteko valentziarra, estadioaren goiko harmailetan estalkia eraikitzen ari zela. Gertaera asteazkenean jaso zen eta ospitalean da larrialdi zerbitzuek eramanda. Buruan, hankean eta bularrean kolpe handiak ditu.
ELAk jakinarazi duenez, langilea azpikontrata batentzat ari zen, Cimpra enpresarentzat zehazki. Lan ikuskaritza aztertzen ari da zergatik gertatu den istripua. Antza, langilea arnesa lotuta ari zen arren, egiturak ez dio eutsi.
Sindikatuak sarritan salatu ditu Anoetako estadioa eraikitzen ari diren langileen baldintzak, eta merkatuko preziotik behera eraikitzearen ondorio direla dio. Lan Ikuskaritzak eta Gizarte Segurantzak ere erresoluzio ugaritan arrazoi eman die, eta obretan ari diren enpresak agerian utzi ditu muturreko prekarietatea dela-eta. Horietako kasu batzuk fiskaltzaren esku daudela azaldu zuen ELAk ekaina hasieran.