38 urteko langilea hil da astelehen goizean Zanbranan, Ebro eta Zadorra ibaiak elkartzen diren lekutik gertu, makalak mozten ari zela. Hildakoa mozketa enpresa batentzat –Udalak eta Diputazioak kontratatutako Contrachapados Archenarentzat– ari zen lanean. Uztailetik zeuden lursail horretan.
LAB sindikatuak "irmoki" salatu du gertatutakoa, eta gogorarazi du dagoeneko baso-lanetan ari ziren sei lagun hil direla aurten Hego Euskal Herrian. Sindikatuaren arabera, gutxienez 44 dira urte hasieratik lan istripuz hildakoak.
"Basogintza sektorean ematen ari den istripu tasa izugarriak hausnartzera garamatza", dio LABek. "Arrisku handiko aktibitatea da berez, non makinaria astunaren erabilpenak, baldintza klimatikoak eta orografiak, besteak beste, arrisku nabarmenak sortzen dituzten. Egungo basogintza eredu intentsiboak arrisku faktore gehiago sortzen ditu, bideragarritasun ekonomiko eskaxak eragindako lan erritmoengatik, makinaria astun ez egokiaren erabileragatik edozein mendi malkarretan, ordu extra orokortuengatik, prebentzio planen integrazio ezagatik eta abar".
Sindikatuarentzat "bereziki larria" da egoera. "Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia da heriotz berri honen arduradun politikoa. Bere esku dago kontratazio pleguek lan segurtasun arauak betearazteko neurriak izatea, eta hauen kontrola eramatea eta betearaztea. Aldiz, pleguen malgutasunak hainbat azpikontratazio egitea baimendu du, azken langile prekarizatuenak bizia galtzea iritsi arte".
ELAk ere "langileek jasaten duten prekarietate egoera" salatu du, "are gehiago basogintza sektorean": "Langile hauek pairatzen dituzten lan-baldintza gogorrei instituzio publikoen erabateko utzikeria gehitu behar diogu. Zoritxarrez, baldintza guzti horien ondorio zuzena dira lan heriotza hauek".
Sindikatuek elkarretaratzea deitu dute asteazkenerako Gasteizen, 12:00etan Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.