Betsaide enpresan gertatu da, 08:00ak aldera. Urtea hasi denetik gutxienez bederatzi behargin hil dira.
Astearte honetan metalgintzaren sektoreko langile bat hil da Elorrion, fundizioko makina batek azpian harrapatuta. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak.
Lan istripua 08:00etan gertatu da altzairuzko piezak egiten dituen Betsaide enpresan. Nagusiki autogintzarako piezak egiten dituen lantegia da. Suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuak langilea makina artetik ateratzen ahalegindu dira, ez dute lortu, eta bertan zendu da, Segurtasun Sailaren esanetan.
LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko bederatzi langile hil dira Euskal Herrian 2025ean; astero bat, batez beste.