argia.eus
INPRIMATU
Langile bat hil da Bilboko Portuan, Euskal Herrian aurten 32 dira eta bi desagertu
  • Vulcanizados Retuerto enpresako 38 urteko langilea hil da maiatzaren 20 arratsaldean, pieza handi batek azpian harrapatu ostean.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 21

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, maiatzaren 20 arratsaldean Bilboko Portuan 38 urteko langile bat hil da. Vulcanizados Retuerto enpresakoa da eta pieza handi bat gainera erori zaio. Euskal Herrian dagoeneko 32 langile dira hildakoak eta Zaldibarren bi langilek desagertuta jarraitzen dute.

Sindikatuak oroitarazi du aurten bi langilek galdu dutela bizia Bilboko Portuan: otsailean 60 urteko langilea zendu baitzen Zamakona ontziolan.

LABek salatu duenez, "laneko biolentzia arazo larria da, arazo estrukturala, inposatzen diguten politika neoliberalaren ondorio zuzena. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira, prekarietateak gaixotzen eta hiltzen gaitu". Erantzule nagusia "patronala da" gaineratu du: "Gaur egun gure gaixotasuna eta heriotza merke ateratzen zaio, eta hau horrela izaten den bitartean gauzak ez dira aldatuko. Administrazio publikoen jarrera salagarria da, bere pasibitateak konplize bilakatzen du. Jaurlaritzari galdetzen diogu zein aldaketa eta zein pauso emateko prest dagoen sarraski honekin amaitzeko".

"Langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituen" eredu berri baten aldeko borrokara eta antolatzera dei egin du sindikatuak: "Lan harremanen eta joko arauen aldaketatik etorriko da aldaketa".