Espainiako Estatuko martxoko langabezia datuetan jasotzen denez, gizonezkoen langabezia tasa bikoitza da, emakumeen langabezia tasarekin alderatuz gero. Ezberdintasun hori nabarmentzera dator funtsezko eginbeharrak feminizatutako lanpostuek betetzen dituztela.
Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioak nabarmenak dira Espainiako Lan Ministerioak aurkeztu dituen martxoko datuetan. Otsailetik martxora langabezia %9,31 hazi da, eta koronabirusaren agerpenaren ondorioz 302.265 langabe gehiago zenbatu dira martxoan Espainiako Estatuan; guztira 3.548.312 langabe. Horrez gain, gizarte-segurantzan afiliatutako pertsonen kopuruak ere nabarmen egin du behera, 898.822 pertsona gutxiago erregistratuz.
Datuok koronabirusak eragindako egoeraren larritasuna nabarmentzeaz harago, birusaren agerpenaren aurreko eszenatokia ere okerra zela ageriko egin dute. “Enpleguaren behin-behinekotasunean txapeldunak ginen”, egin du adierazpena Yolanda Díez Espainiako Lan ministroak, lan merkatuaren prekarietateari erreferentzia eginez.
Langabetuen kopuruak izandako gorakadari so eginez gero, bada arreta deitzen duen aspekturik: gizonen artean langabezia nabarmen altuagoa da, emakumezkoen langabezia tasaren ondoan bikoitza baita gizonezkoena. Izan ere, langabeziak gehien kolpatu dituen sektoreak maskulinizatuak dira: agrikultura, industria, eraikuntza eta zerbitzuen sektorea kasu.
Sektore feminizatuetan joera ez da izan bera. Gizonen artean langabezia %13,26 hazi den bitartean, emakumeen artean %6,5 hazi da. Horrek argitara ekarri du sektore feminizatuek –eta ondorioz, prekarizatuek– egin ohi dituzten lanak ezinbestekoak direla bizitza aurrera ateratzeari dagokionez. Osasun alorreko langileak, garbitzaileak, zaintzaileak, kutxazainak… ohikoan ikusezin bilakatutako lanpostuen funtsezkotasuna eztabaidaezina bilakatu da koronabirusak eragindako egoeraren aurrean. Langabezia zenbakiak horren adierazle.