argia.eus
INPRIMATU
Langabezia, AHT eta Urkullu
  • Urkullu lehendakariak EAEn enplegua sustatzeko plana aurkeztu du eta konpromisoa hartu du 44.000 lanpostu sortzeko 2016ra bitartean, horietatik 12.711 aurten bertan. Egungo langabezia tasa biztanleria aktiboaren %15,93koa da, eta 2013an krisiak 19.000 lagun jaurtiko ditu lanik gabe kalera. Urkulluk berak onartu du plan hau ez dela “sendagarria”, enplegu eza “arintzeko” baino ez duela balioko.

Juan Mari Arregi 2013ko martxoaren 21a
Urkullu, Arantza Tapia eta Juan Mari Aburto planaren aurkezpenean.

Plana aurrera ateratzeko 281 milioi euro bideratuko dituzte 2013an diru-kutxa publikoetatik eta beste 733 milioi euro eremu pribatutik. Hori guztia, dena den, EAEko aurrekontuen onarpenaren baitan dago, Madrilekin eta Bruselarekin otzantasun handia erakutsi duten aurrekontuak, hain zuzen.

Lehenik eta behin, langabeziaren aurka borroka egiteko plan estrategikoa izanik, harrigarria da aurretik eragile sozialekin, patronalarekin, sindikatuekin, diputazioekin eta alderdi politikoekin landu gabe iragarri izana. Are harrigarriagoa da aurrekontuen onarpenaren menpeko plana izatea. Arrazoia dute uste dutenek plan honek marketin operazioa dirudiela, Gasteizko exekutiboak benetako egitasmo zehatzik ez duelako. Aurrera ateratzen ez bada, EAJk jada prestaturik dauka eskopeta ustezko arduradunei tiro egiteko: oposizioan dauden politikari eta sindikatuak.

Bigarrenik, bai EAJk eta bai bere Gobernuak ere, badakite langabezia EAEn estrukturala dela eta tapaki aringarriek ez dutela ezertarako balioko. Plan estrategiko bat behar da, baliabide ekonomiko handiagoak eta bestelako neurriak eskainiko dituen plana, lanaren banaketa kasu. EAJk AHT gisako obra faraonikoak babesten ditu, 4.200 milioi euro kostako direnak; eta krisi garaiotan, jeltzaleak prest dira obraren finantzaketa aurreratzeko. Garbi dago Urkullurentzat eta bere alderdiarentzat AHTk lehentasuna duela langabeziaren aurrean. Langabeziaren aurka, marketin operazioak!