argia.eus
INPRIMATU
"Apaindu" egiten al da lan istripuetan hildakoen datua EAEn?
  • EAEko lan istripuetan hildakoen estatistika ofizialak 30 hildako jasotzen ditu 2013. urtean. Osalanen txostenak, aldiz, 46. Sindikatuek datuen manipulazioa dagoela salatu dute.

Judith Perez @judyjudd 2014ko ekainaren 12a
Urtetik urtera lanean hiltzen direnen kopurua jaisten den arren, ez dira hildako guztiak kontuan hartzen zenbaka ofizialean (Argazkia: http://www.clm24.es)

Juan Mari Aburto Lan eta Politika Sozialen kontseilariak onartu du kopuruen arteko aldea dagoela zenbatzeko modu ezberdinak erabiltzen dituztelako; zenbaketa sistema ofizialak ez ditu kontuan hartzen EAEtik kanpo lan egiten dutenak, kooperatibistak eta lan istripuen ondorioz kotizatzen ez duten autonomoak. Osalanek, ordea, bai.   

Lan ezbeharrak datutan

24.318 lan istripu gertatu ziren 2013. urtean EAEn, 2012an baino %3,9 gutxiago. Hildakoak eragin zituzten istripuak ere %3,5 jaitsi ziren.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizonek emakumeek baino lan-istripu gehiago izan dituzte lantokian bertan iaz, baina lanerako bidean edo etxera bueltatzean gertatutako istripuak kontuan hartuz, emakumeen kopuruak gizonezkoena bikoizten du.

Istripu gehiago izaten dituzte 25 urtetik beherakoek. Heriotza gehienak, aldiz, 44 urtetik gorakoen artean gertatzen dira.

2013an lan istripuak izan zituzten beharginen %70 enpresek zuzenean kontratatutako langileak ziren, eta %7,9 azpikontratatutako enpresenak. Aburtoren ustez, lanaren kalitatea, eta, beraz, segurtasuna, murriztuko dira kontratu kateak handitzen diren heinean.