argia.eus
INPRIMATU
Lanbidek indarkeria matxista jasan duen emakume bati languntzak ukatu izana salatu dute Barakaldon
  • Aipatu kasua kasu isolatua izatetik urruti dagoela azpimarratu dute, eta Lanbidek indarkeria matxista pairatu duten emakumeekiko duen jarrera okerra salatu.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 14a
(Argazkia: Ecuador Etxea)

“Lanbide, nahikoa da indarkeria matxistarekiko axolagabetasunaz. Murrizketa eta praktika txarrik ez!” lemapean, Barakaldoko Beurko auzoko Lanbideren bulegoko ateetan elkarretaratzea egin dute ostegun goizean, Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak eta Berri-Otxoak gizarte-bazterketaren kontrako plataformak deituta.

Elkarretaratzean, Lanbidek laguntzak ukatu dizkion Barakaldoko emakume baten kasua eman dute ezagutzera. Indarkeria matxista jasan duen 41 urteko emakumea bi adingaberen kargu da, eta ongintzako erakundeen bidez jasotako elikagaien eta familia zein auzokideen babesari esker bizirauten du. Bizi duen egoera zaurgarria izanik ere, Lanbidek ukatu egin dizkio laguntzak.

Euskal Enplegu Zerbitzuaren jokaera eskubide-urraketa dela salatu dute elkarretaratzean, eta indarkeria matxista pairatu duten emakumeekiko jokabide oker hau eguneroko ogia dela ulertzera eman. Lanbidek emakumeei dagozkien laguntza sozialak eskuratzeko eskubidea babesten duten araudia, legedia eta dekretuak urratzen dituela salatu dute.

“Beren errealitatetik oso urruti geratzen diren baldintza eta prozedura arbitrarioen bidez Lanbideren partetik eskubide urraketak salatzen dituzten emakumeak asko dira”, adierazi dute Berri-Otxoak eta Argitaneko kideek. Hori horrela, Lanbideren praktika txarrek emakumeak abusu, jazarpen eta erasoak pairatzera derrigortzen dituela nabarmendu dute, laguntza faltak derrigortu egiten baititu indarkeria matxista pairatzen jarraitzera.