Pasaportea, poliziaren ziurtagiria eta NANaren kopia aurkeztuta ere, Lanbidek ez zizkion paperak onartu. Bazterketa sozial egoera larrian den emakumea diru-laguntza barik uzteko erabakia berrikusteko eskatu dio Arartekoak Euskal Enplegu Zerbitzuari.
Laguntza barik utzi duten emakumeak NANa galdua zeukan, Lanbidek dokumentazio jakin bat aurkeztea eskatu zionean. Emakumea lau alditan joan zen Lanbidek Donostian duen bulegoetako batera dokumentazio osagarria aurkeztera, bai eta NANa zergatik ez zeukan justifikatzera. Lanbidek, baina, aipatu laguntzak kendu dizkio.
Lehen aldian pasaportearekin hurbildu zen bulegora, baina artatu zuen langileak adierazi zion NANa edo poliziaren ziurtagiri barik ez zizkiola paperak onartuko. Bigarren bisitan, poliziaren ziurtagiria eraman zuen emakumeak, baina pasaportea ez eramateagatik atzera bota zuten. Hirugarren aldian, pasaportea, poliziaren ziurtagiria eta NANaren kopia aurkeztu zituen, baina honako honetan ere ez zituzten dokumentuak aintzat hartu, NAN originala ez izateagatik. Laugarren aldian, NAN originala barne, dokumentazio guztia aurkeztu zuen emakumeak, baina epez kanpo, Lanbideren arabera.
Diru-laguntzak moztu dizkioten emakumea bizikidetza-unitate baten parte da, zeinetan bazterketa sozial egoera bizi duten lau emakume bizi diren: birramona, amona, ama eta adin txikiko alaba. Lanbideren diru-laguntzak ziren emakume hauen "oinarrizko beharrizanak asetzeko diru-iturri bakarra 2016ko ekainean".
Arartekoak argi ikusten du emakumeak administrazioarekin aurrean prestutasun jarrera izan duela momentu oro, eta prozesuan zehar demandari erantzuteko zein Lanbideren partetik beharrezko informazioa jasotzeko zailtasunak izan dituela azpimarratu du. Hala bada, Arartekoaren arabera emakumearen kasuan ez dago legea hautsi den momenturik, eta Lanbideren erabakia "larritzat" jo du.
Arartekoak emakumearen larritasun egoeraren adierazle den informazio gehiago eman du: DSBE eta EPO laguntzak behin betiko kendu aurretik, hauek etetean gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko eskaria egin zion Donostiako Udalari, baina ukatu egin zioten eskakizuna. Bestalde, lau emakumeen bizilekua den etxebizitzaren jabeak etxegabetzeko demanda judiziala aurkeztu zuen, alokairua ez ordaintzeagatik.