argia.eus
INPRIMATU
"Lanbide Heziketa Euskaraz" aldarria zabalduko dute ekainaren 28tik uztailaren 1era
  • Bizikletako martxak eta topaketak antolatu dituzte, euskarak Lanbide Heziketan duen presentziaren inguruan hausnartzeko eta aurrera egiteko proposamenak elkarrekin adosteko.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 26a
Ekintzen egitaraua. Argazkia: Lanbide Heziketa Euskaraz.

Tartanga (Erandio), Barakaldo eta Txurdinaga (Bilbo) zentroetako Normakuntza sailek sustatuta Lanbide Heziketaren sarretze eta partekatze ekintzak burutuko dituzte.

Bi helburu bete nahi dituzte ekintza hauen bidez: Lanbide Heziketan euskarak duen presentziaz hausnartzea eta aurrera egiteko proposamenak elkarrekin adostea.

Gipuzkoa eta Nafarroako Lanbide Heziketako eragileekin saretuko dira. Lehenengo egunean Barakaldotik Debara joango dira; bigarrenean Debatik Berara eta hirugarrenean Beratik Irisarrira, EHZ festibalean bukatzeko. Uztailaren 1ean Etxepare Lizeoan azkeneko topaketa egingo dute.

Lanbide Heziketa eta euskara

Lanbide Heziketan matrikulatzeko epea bukatuta, urteroko gaia azaleratu da: ikasketa hauek ez dute bermatuta euskaraz ikasi ahal izatea. Oso adierazgarriak dira datuak: DBHn D eredua nagusi den arren (2021ean, adibidez, ikasleen %71k ikasi zuen D ereduan), Lanbide Heziketara pasa eta nabarmen eskasten da kopurua (urte berean, ikasleen %24k baino ez zuen ikasi D ereduan Lanbide Heziketa). Behean ageri dira datuon grafikoa, eta gaur egun joera hori mantentzen dela azaldu digute Steilas sindikatutik: DBHn eta Batxilergoan gora egiten du D ereduaren aukerak, eta Lanbide Heziketan aldiz, behera. Aurreko hizkuntza ibilbidearekiko haustura agerikoa da.