argia.eus
INPRIMATU
Lanbide Heziketa euskalduna, noizko?
  • Zergatik eskaintzen dira Lanbide Heziketako hainbeste ziklo erdara hutsean EAEn? Zergatik jarraitu behar dituzte ikasketak gaztelaniaz ordura arte D ereduan euskaraz aritu diren ikasle andanak? Lanbide Heziketa euskalduntzeko behingoz plan estrategiko bat gauzatu dezala eskatu diote 750 irakaslek baino gehiagok Eusko Jaurlaritzari.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko ekainaren 26a
Txirrindulanbidea Gasteiztik Bilbora egiten ari da martxa, Lanbide Heziketa euskalduntzea aldarri.

Urte luzetako aldarria lehen lerrora berrekarri dute egunotan EAEko Lanbide Heziketako hainbat irakaslek: Gasteiztik Bilbora, hiru eguneko bizikleta martxa egiten ari dira, ekintza ugari tarteko, Lanbide Heziketa euskalduntzeko apustu sendorik ez dagoela iritzita kezka horren inguruan eztabaidatu, gogoetatu eta saretzeko.

Lander Labajo irakaslea da Barakaldon, eta bertako adibidea jarri dio ARGIAri: “Barakaldon, Lanbide Heziketako ikasketen %70 erdara hutsean dira eta %30 baino ez euskaraz. Kontua da ikasle gehien-gehienak D eredutik datozela, aurreko ikas-ibilbidea euskaraz egin duelako %90ak baino gehiagok, zergatik da orduan eskaintza gehiena gaztelaniaz? Lanbide Heziketan, A eredua hegemonikoa da Bilbo Handian, Araban eta Gipuzkoako hainbat lekutan, eta horrek esan nahi du ikasle askok euskara batere entzun gabe egiten dituela Lanbide Heziketako urteak”.

Lanbide Heziketa euskalduna izatetik “oso urrun” dagoela adierazi digu Labajok, “ez dagoelako LH euskalduntzeko plan estrategikorik, ez dago bide-orririk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Lanbide Heziketako arduradunen aldetik”.

Nola da posible ikasleen gehiengo handiak D ereduan egitea derrigorrezko hezkuntza, eta horietako askok gero gaztelania hutsean egin behar izatea Lanbide Heziketako urteak?

Euskara aipatu ere egiten ez duen Lanbide Heziketaren plana

Txirrindulanbidea bizikleta martxak aprobetxatuko du ostegun goiz honetan egingo den hitzordura gerturatzeko. Lanbide Heziketa eskoletako 750 irakaslek baino gehiagok sinaturiko aldarrikapen sorta irakurriko dute Lakuaren aurrean, Lanbide Heziketako Hizkuntza Normalkuntza arduradunek. Gogoratu dute Lanbide Heziketaren planean ez dela euskara aipatu ere egiten, zer eta euskarak zutabe nagusia izan behar lukeenean.

Aldarrikapenetan, bide-orri bat eta plan estrategiko bat eskatu diote Hezkuntza Sailari, derrigorrezko hezkuntza ibilbidean euskarak duen eskaintzaren parekoa izan dadin Lanbide Heziketan ere. Nola da posible ikasleen gehiengo handiak D ereduan egitea derrigorrezko hezkuntza, eta horietako askok gero gaztelania hutsean egin behar izatea Lanbide Heziketako urteak?

Horri lotuta, ikasleak euskaraz matrikulatzeko kanpaina “ganorazkoa eta indartsuagoa” behar dela aldarrikatu dute. Tartean, informazio falta aipatu dute. Eskaintzaren zati handi bat A ereduan baino ez izateak ere badu zerikusirik. Azken finean, aurreko hizkuntza ibilbidearekiko haustura nabarmena da: 2021eko datuak kontuan hartzen baditugu, esaterako, DBHn ikasleen %71k D ereduan ikasi zuen, euskaraz, baina Lanbide Heziketara pasa eta ikasleen %24k baino ez zuen ikasi D ereduan Lanbide Heziketa.

"Zergatik eskatzen dira oraindik euskarazko hizkuntz profilik ez duten irakasleak?"

Aldarrikapen zerrendari jarraiki, “egungo irakasle guztiek euskara gaitasuna izan beharko lukete”, diote. ARGIAn kontatu genuenez, “urtetan irakasleak sartu dira Lanbide Heziketan beharrezkoa den euskarazko hizkuntz eskakizunik gabe, eta beraz, euskaraz irakasteko gai ez diren irakasleak ditugu. Galdera da, zergatik eskatzen dira oraindik euskarazko hizkuntz profilik ez duten irakasleak?".

Garbi dute sinatzaileek: “Euskaraz matrikulatu eta euskaraz ikasteko aukera hartu duten ikasle horiei lehentasuna eman behar genieke, bidea eman ikasle horiek euskaraz ikas dezaten, talde kopurua minimora heltzen ez bada ere, hau da, beti euskararen alde jokatu”.

Eta gehitu dute, A ereduan ere, euskararen ezagutza minimoa ziurtatu beharko litzatekeela, euskararen presentzia ordu jakin batzuekin bermatu, legeak berak eskatzen duen moduan. Baina A ereduak berezitasun bat du Lanbide Heziketan: berez, A ereduan euskarazko ikasgaia ematen dute ikastetxeek, ez ordea Lanbide Heziketan. Bertan, ingelesezko ikasgaia ematen dute, baina euskarazkoa ez. Alegia, ikasle ugarik euskararen inongo presentziarik gabe egiten du ziklo osoa.