Espainiako Lanbide Heziketaren legeak egoera larria ekarri duela iritzita, kezka nagusiekin manifestua idatzi du irakasle talde batek eta jasotako sinadurak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzari. “Joan garen ikastetxe guztietan bat egin dute gure irakurketarekin”. Helburua: egoera aldatzeko pausoak eman ditzala administrazioak.
Ikasturte honetan zehar, manifesturako sinadurak biltzen aritu da Lanbide Heziketa Defendatzen ekimena, eta 826 lortu ditu (Lanbide Heziketako ikastetxe integratuetan 3.162 plaza daude). Batez ere Bilbo Handian eta Bizkaian mugitu direla diote, oraindik bide asko dutela manifestua zabaltzen jarraitzeko, baina datu esanguratsu bat: “Joan garen ikastetxe guztietan bat egin dute gure irakurketarekin”.
Legeak dakarren Lanbide Heziketa Dualaren derrigorrezko ezarpena da bereziki kezkatzen dituena. ARGIAko erreportaje honetan kontatu genuen moduan, lege berriarekin ikasleak lehenengo mailatik ari dira enpresetan, eta enpresek eurek hezkuntza-curriculumeko edukiak irakatsi eta ebaluatzen dituzte. “Inork ez du sinesten enpresetan jakintza curricularrak emango dituztenik, dokumentu ofizialetan gezurra esan beharko dugu guztiok, eta ikuskaritzak ez ikusiarena egingo du. Emaitza garbia da: jakintzaren eta hezkuntza kalitatearen jaitsiera agerikoa izango da ikasleentzat”, adierazi digute ekimenetik.
Eduki curricularraren “murrizketa nabarmenaz” gain, sistema Dualak ikasle guztientzako enpresa bila jartzen ditu irakasleak (ikasle horietako batzuk, gainera, oraindik ezagutzarik apenas dutela eta ongi prestatu gabe) eta ekimenetik diote ezinezkoa izango dela ikasle guztientzako enpresa egokiak topatzea, praktiken kudeaketa lan horretarako gainera ez dutela lanordurik irakasleek, zentroak euren artean lehian jartzen dituela dinamikak…
Legearen gorabeheren beste adibide bat: Lan Zentroetako Formazioa modulua desagerrarazi egin zuen legeak bigarren mailako ikasleentzat, bada hara non, ikasleei esan berri dieten baietz, modulu hori berriro ere berreskuratu dutela, “zer eta ikasturte amaieran”.
"Aldaketa pila bat sartu dituzte inongo ebidentzia zientifikorik gabe. Eta gainera praktikan jartzen ditugunoi, irakasleoi, ezer galdetu gabe"
Kezka nagusiak, lau puntutan
Derrigorrezko Duala ez da, dena den, irakasleen salaketa bakarra. Beste hainbat puntu ere jasotzen ditu manifestuak: gehiegizko zama eta baliabiderik eza; hezkuntzaren debaluazioa (tartean dira mikroakreditazioak eta hezkuntza Duala bera); hezkuntza prozesuaren liberalizazioa, merkantilizazioa, pribatizazioa eta burokratizazioa; eta irakasleak erabakiak hartzetik kanpo utzi izana.
Adierazitako kezkekin bat datozen Lanbide Heziketako irakasle guztiei dei egin diete manifestua sinatzeko.
“Aldaketa pila bat sartu dituzte inongo ebidentzia zientifikorik gabe. Eta gainera praktikan jartzen ditugunoi, irakasleoi, ezer galdetu gabe, jarraipenik egin gabe. Egoera aldatzeko eskatzen diegu, beti ere ikasleentzako kalitatezko hezkuntza oinarri hartuta eta irakasleoi entzunda”.