argia.eus
INPRIMATU
Lan-istripuak eta prekarizazioa salatzeko elkarretaratzea egin dute sindikatuek Bilbon
  • ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek gaur egindako elkarretaratzean salatu dute administrazio publikoak ez duela neurririk hartzen istripuak ekiditeko. Aurten 42 langile hil dira lanean, horietatik sei abuztuan.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 24a
Sindikatuek asteartean Bilboko Jaurlaritzaren egoitzaren parean egindako elkarretaratzea. Argazkia: @LABsindikatua

Hainbat sindikatuk lan istripuen eta prekarizazioaren aurkako elkarretaratzea egin dute gaur Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean, Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea, hiltzailea lelopean. Salatu dute administrazio publikoak entzungor egiten diela beharginen osasuna bermatzeko eskatutako neurriei.

Aurten 42 langile hil dira lan istripuetan Euskal Herrian. Larunbat honetan gertatu da azkena: Derion gizonezko bat zendu da konpontzen ari zen teilatutik erorita.

ELA sindikatuaren ustez, prekarietate-egoera “lan-erritmo jasanezinetan, lanaldi amaigabeetan, sektoreko hitzarmenen ez-betetzeetan eta prebentzioko araudian islatzen da”, eta bien bitartean instituzioek "beste alde batera begiratzen dute”. LAB bat etorri da. Azken hilabeteetakoak “segurtasun neurriak hartuz ekidin daitezkeen istripuak” izan direla azaldu du, baina administrazio publikoa ez dagoela prest legedia aldatu edo betearazteko. 

Bereziki garaiera batetik erorita gertatzen diren ezbeharren prebentziorako araudia izan dute hizpide LAB sindikatutik. 2010. urtean, Jaurlaritzak  “Lotu” programa jarri zuen martxan istripu horiek saihesteko; pasa den urtean, Behatokia abiatu zuten, prebentzioa helburu. “Zeintzuk dira emaitzak? Bakarrik dirua banatzea eta antzerkia: badirudi zer edo zer egiten dutela, baina praktikan ez dute ezer egiten. Hori ez da bidea”.

Istripuekin bukatzeko modu bakarra “borroka eta antolakuntza” direla azaldu du sindikatuak.