argia.eus
INPRIMATU
Lan Ikuskaritzan salatu dituzte Gasteizko Final Four-aren antolatzaileak
  • Europako saskibaloi txapelketaren finala Gasteizen egingo da maiatzean, eta berau antolatzeko 4 milioi euro jaso dituzten arren, doan (ez otordu, ez garraio, ez bestelakoei aurre egiteko ordainsaririk jaso gabe) lana egingo duten 170 boluntario eskatu dituzte. Lege iruzurra izan daitekeelakoan, Lan Ikuskaritzan salatu dute, Hala Bedik jaso duenez.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko urtarrilaren 23a

“Boluntario” figura hori salatuz eskutitza igorri dio Elkarrekin Podemos alderdiak Lan Ikuskaritzari, figura horrek “lan kostuak ezabatu eta etekin enpresariala handitzea” beste helbururik ez duela iritzita. Are gehiago, alderdiak nabarmendu duenez, 170 “boluntario” horietatik zortziri sei egunetan txapelketan lan egiteko erabat libre egotea eskatzen zaie, nahiz eta txapelketak hiru egun iraun.

EH Bildu ere kritiko agertu da antolatzaileekin, eta nabarmendu du finalerako hitzarmenak eta kanonak ez dutela BEZa ordaindu beharko. “Pribilejio” hori salatu du koalizioak.

Ostatua, otordua edota garraioa kobratu gabe Euroligarako egun horietan lan egiten duenak dirua bere poltsikotik jarri beharko du beharbada. Bitartean, lau milioi euro jaso dituzte antolatzaileek: hiru milioi Arabako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik, eta milioi bana Gasteizko Udalaren eta Baskonia saskibaloi taldearen eskutik.