Osasun krisiaren hasieran, LAB sindikatuak salatu zuen Garbialdi enpresak COVID-19aren aitzakian hainbat aldi baterako kontraturi baja eman ziela eta langileak langabezian utzi. Lan Ikuskaritzak arrazoia eman eta enpresak langileak berriz kontratatu behar izan zituen. Orain, Ikuskaritzak zigorra jarri dio bestelako kalteak ere eragin zituelako erabaki hark.
LAB sindikatuak adierazi du Garbialdi garbiketa sektorean salaketa gehien pilatzen duen enpresa dela, eta era berean, administrazio publikoek kontratu publiko gehien berari esleitzen dizkiotela.
Administrazio publikoei eskatu die azpikontratatutako enpresak hobeto kontrolatzeko, eta kontratu publikorik ez diezaietela esleitu pliegoak betetzen ez badituzte edo laneko arau-hausteak egiten badituzte.
Sindikatuak aurreratu du Garbialdik egiten dituen irregulartasunak salatzen jarraituko duela eta azpikontratatutako zerbitzuok publifikatzearen alde borrokan segiko duela.