Lan hitzarmen "duina" eskatu dute Tolosaldeko Asuncion klinikako langileek

  • Asuncion klinikako langileek elkarretaratzea egin dute larunbatean Tolosako Trianguloa plazan. "Sei urte baino gehiago daramatzagu lan hitzarmen baten eske", esan du Ander Figuerido LABeko ordezkari eta enpresa batzordeko kideak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko maiatzaren 09an - 12:00

"Gure asmoa da zuzendaritzarekin negoziatzea eta horretan ari gara, baina ikusten ari gara ez dutela nahi lan hitzarmenik".

Figueridok esan duenez, "Asuncion klinikako zuzendaritzak nahi du Madriletik datozen lan erreformen erremintak erabili eta gure eskubideak gero eta gehiago urratu". Orain dela hilabete batzuk hasi dira mobilizazioekin. "Aurreko negoziaketetan ikusi genuen borondate pixka bat bazutela, baldintza batzuk hobetuko zituztela, baina azken bileretan ikusi dugu atzerapausoak egin dituztela, eta lortuta genituen akordio txiki batzuk atzera bota dituztela".

Lan hitzarmen "duin" bat eskatzen dutela diote langileek. Orain dela sei urtetik hona soldata izoztuta dutela salatu dute. "KPIa behintzat kontuan izatea eskatzen dugu, eta kontratazioa areagotzea, geroz eta lan gehiago dago eta", esan du Figueridok.

Asuncion klinikak Eusko Jaurlaritzarekin duen hitzarmena azken urteotan areagotu egin dela diote, "horrek dakarren lan kargaren handitzearekin. Finantziazio handitzea dakar, baina gure soldatak bere horretan jarraitzen dute, eta hobekuntza bat besterik ez dugu eskatzen".

Mobilizazioekin jarraituko dutela diote. "Ikusita zuzendaritza honek ez duela asmorik negoziatzen jarraitzeko, hurrengo pausoa izango da Eusko Jaurlaritzara joatea, eta gure lan baldintzak salatzea", esan du Figueridok. "Azken finean Eusko Jaurlaritzak ematen du dirua, guztiona dena. Eta horren kontrolik ez dute; horren kontrol bat egon behar da".

Figueridok gaineratu du Asuncion klinikak sare publikoan sartu beharko lukeela. "Tolosaldean badago plataforma bat Asuncion klinika publikoa izan dadin eskatzen duena, eta guk ere langile bezala bertan parte hartu beharko genuen. Azken finean eskatu behar duguna da klinika hau sare publikoan sartzea eta langileak ere sare publikoan sartzea, bertako baldintza berdinekin".

Informazio gehiago:

Tolosaldean osasungintza alorreko gatazkaz erreportajea argitaratu genuen ARGIAren 2.276 zenbakian.

Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasunaren pribatizazioa
Osakidetzaren pribatizazioaren aurkako manifestazio jendetsuak Bilbon, Gasteizen eta Donostian

Milaka pertsona elkartu dira larunbat honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburu bakoitzean,“osasun publikoaren narriadura, desegitea eta pribatizazioa” salatzeko. Osakidetzako aurrekontuaren %25 Lehen Mailako Arretara bideratzea eskatu dute.


2024-03-15 | Hala Bedi
Beñat (OPA): "Kalera irten behar gara gure eskubideak aldarrikatzeko"

Osasun publiko eta kalitatezkoaren aldeko manifestazioak izango dira larunbat honetan. Eguerdiko 12:00etan Gasteizen eta Bilbon, eta 17:00etan Donostian.


Lehen Mailako Arreta, "kolapsora" bidean

Nafarroako Osasun Plataformak salatu du osasun sistema publikoa gainbeheran dagoela eta pribatizatzen ari dela.


Osasungintza “guztiz publiko eta kalitatezkoa” aldarrikatu dute milaka lagunek kalean

Bilbo, Donostia eta Gasteizen mobilizazioak egin dituzte larunbatean, Osasungintza Publikoaren Aldeko Herri Plataformek deituta.


Eguneraketa berriak daude