argia.eus
INPRIMATU
Lan heriotzak ez normalizatzeko deia zabaldu du Aiaraldeko Greba Batzordeak
  • Dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Aiaraldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) Tubos Reunidoseko lan heriotza salatzeko deitutako mobilizazioan. Laneko heriotzen "odolustea" salatu eta egoera ez normalizatzeko deia luzatu dute.

Aimar Gutierrez Bidarte Aiaraldea @aiaraldea 2025eko maiatzaren 29a

Tubos Reunidoseko langileek goizean egin bezala, herritarrek ere salatu dute atzo hodi fabrikan jazotako lan heriotza. Aiaraldeko Greba Batzordeak deituta dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Amurrioko Juan Urrutia enparantzan.

Atzo Amurrioko lantegian bizia galdutako behargina ez ezik, gogora ekarri dituzte ere azken 24 ordutan Euskal Herrian lanpostuan zendu diren beste bi pertsonak: AHTren lanetan bata, Andosillan bigarrena.

Halaber, gogor deitoratu dute azken hamar urteetan "gutxienez eskualdeko 17 langile" hil izana lanean ari zirela. Heriotza horiek "erailketak" dira Greba Batzordeko kideentzat. "Kasu gehienetan duinak ez diren egoeretan lan egitean gertatzen dira, horregatik diogu prekarietateak hiltzen gaituela eta neurriak hartu beharra dagoela. Ez gara lanean hiltzen, lan baldintzek hiltzen gaituzte", azpimarratu dute.

Administrazio publikoei ere neurriak exijitu dizkiote: "badakigu administrazio publikoek jarduteko eta hildakoen urteko odoluste hori iraultzeko gaitasuna dutela, eta hala ere erakunde horiek egoera normalizatu dutela, prebentzioan eta segurtasunean inbertitu beharrean".

Aiaraldeko Greba Batzordeak, kontrara, egoera hauek normalizatu nahi ez dituela aldarrikatu dut gaur arratsaldeko elkarretaratzean: "ezin diegu laneko heriotzei ikusezinarena egin, ezin diogu errealitate horri muzin egin, eta ezin dugu lanean heriotza bakar bat ere normalizatu".