argia.eus
INPRIMATU
Lan gatazka indarrez itzuli da Nafarroako osasun publikora
  • Nafarroako Medikuen Sindikatuak deitutako greba mugagabea hirugarren egunean sartu da eta, oraingoz bederen, Osasun Departamentuarekin bideratzen ari diren negoziazioek ez dute aurrera egin. Datorren otsailaren 15erako, halaber, sindikatu ia guztiek grebara deitu dute Nafarroako osasun publikoan.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko otsailaren 03a
Arg.: EITB

Nafarroako Gobernuaren arabera, lehen asteazkeneko grebaren jarraipena medikuen artean %9,4koa izan zen, eta %6,7 ostegunekoan. Kontsulta, proba edo ebaketaren bat zuten 7.116 herritarren %8,1ari eragin dio grebak, 577 pertsonari.

Lan sariak, esklusibitatea eta lan kargak dira negoziazioaren puntu nagusienak, eta Medikuen Sindikatuaren arabera ez dute lortu inongo aurrerapenik. Ondorioz, datozen asteazken, ostegun eta ostiralean osasun zentroetan batzarrak egingo dituzte grebarekin aurrera jarraitu hala ez erabakitzeko.

Lan sariei dagokienez, sindikatuak 1.000 euroko igoera eskatzen du bi urtetan eta gobernuak 400 eskaintzen ditu aurtengorako. Ez dago akordiorik. Edozein modutan, beste sindikatu batzuek gogoratu dutenez, orain arte Nafarroako Gobernuak beti egin die erreferentzia Madrilek ezarritako mugei sektorean sindikatuek eskatutako soldata igoerei muzin egiteko; orain ordea, medikuen sindikatuei egindako eskaintzek erakusten dute igoerak posible direla, sindikatuek diotenez.

Esklusibitatearen gaian ere ez da urratsik eman. Medikuek nahi dute eremu pribatuen lan egiteko aukera zabaltzea, baina galdu gabe esklusibitate horregatik gaur egun kobratzen dituzten 800 euroak. Gobernuak eskaini die eremu pribatuan lan egin ahal izatea, beti ere lan hori ez bada osasunaren eremuan egiten.

Lan kargen eskaintzetan hobetu baino atzera egin da, sindikatuaren esanetan. Osasun Sailak dioenez, aldiz, jadanik onartu dute medikuen baldintzarik esanguratsuena, hau da, medikuek egunero artatu beharreko pertsonen zerrendak finkatuta daudenean, inork ezin dezala zerrenda handitu medikuen baimenik gabe. Gobernuak eguneko 32 herritar artatzea eskatzen du, batez beste gaixo bakoitzari hamabi minutu eskainiz. Sindikatuak, aldiz, aldez aurretik finkatutako gaixo zerrenda eskatzen du eta 300 minutuko eskaintza gaixoei, hots, eguneko bost ordu.

Gainerako sindikatuak ere grebara

Greba deialdia datorren otsailaren 15erako egin da. Giroa gori-gori dago eta oso aspaldian ez da horrelako lan gatazka egoerarik egon Nafarroako osasun publikoan. Inflazioarekin izandako erosketa ahalmena berreskuratzea, behin-behinekotasuna %8ra murriztea –gaur egun %40tik gorakoa da– eta lan karga handiak jaistea eskatzen dute sindikatuek, besteak beste. LABek, SAEk, UGTk, ELAk eta CCOOk egin dute deialdia, eta Satse erizainen sindikatuak 18rako egin du deialdia, bere estrategia propioa duela adierazita. Afapnak ez du deialdiarekin bat egin.

Greba deialdia egiteko agerraldia. (Arg. LAB)

ELAk eta LABek gogor kritikatu dituzte Medikuen Sindikatuaren greba eta eskaerak. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiak klasismoa leporatu die Naiz Irratian egindako adierazpenetan eta gogoratu du ez dituela mediku guztiak ordezkatzen. ELAren ustez, azken urteetan “Nafarroan ez da lan mobilizazio garrantzitsurik egon” eta sindikatuak ongi etorria egin dio grebari. Mobilizazio falta horren ondorioz, Medikuen Sindikatua erreferente bihurtu dela zehaztu du, baina “sindikatu korporatiboa ez zen inoiz UPNk eta PSNk egindako murrizketen aurka agertu (besteak beste, sukaldeen pribatizazioa), eta azken mobilizazioetan euskara baldintza gisa kentzea eskatzen zuen".

ELAren ustez, inbertsio falta da arazorik handiena: “2023ko aurrekontuetan 476 milioi euro gehiago inbertitu beharko lirateke Osasunbidean, eta 380 milioi gehiago Hezkuntzan, Europar Batasuneko batez bestekoarekin parekatzeko”. Horregatik, kritika egin die PSN, Geroa Bai, Podemos, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerrrari, “UPN gobernutik atera zenetik zazpi aurrekontu onartu dituztelako Nafarroan, eta ez direlako gai izan zerbitzu publikoen okertzea iraultzeko”.