argia.eus
INPRIMATU
Lampedusa: Libiako errefuxiatuentzat, militarrak
  • Italiak militarrak bidali ditu Siziliako kanalera Libiatik ihesi doazen pertsonen etorrera kontrolatzeko. Enrico Letta lehen ministroak adierazi du erabaki horrekin saihestu nahi duela “Mediterraneoa heriotzaren itsaso” bihurtzea.

ARGIA @argia 2013ko urriaren 14a
Lampedusa.

Neurriaren berri ematearekin batera, lerro artean Europar Batasuna kritikatu du Lettak. Frontex, Europako migrazio agentziak egoitza Varsovian duela eta mota bateko migrazioak bakarrik ulertzen dituela adierazi du; eta migrazio mota hori ez dela Mediterraneoan heriotzak eragiten dituena.

“Beraz, Frontexen egoitza bat behar da Mediterraneoan. Baina ezin dugu itxaron Europak erabakiak hartu eta gero praktikan jarri arte. Berehala konpondu behar den kontua da eta guk gure partea egingo dugu”, izan dira Lettaren hitzak.

Giorgio Napolitano errepublikako presidenteak Giusi Nicolini Lampedusako alkateari adierazi dio Italiak ez duela irla bakarrik utziko. 400 hilotz daude dagoeneko, baina, bizirik atera direnei babesa eman beharra daukate, eta munduko puntu ugaritatik senitartekoen identifikazio lanak egitera iristen jarraitzen dute.

Bitartean Lampedusan herritarrak eszeptiko azaldu dira Lettak aipatu neurriarekin. “Arazoa pixka bat interesatuko balitzaie, dagoeneko etorriko zen Gobernuko norbait, galdetu edo gutxienez entzutera”, esan dio arrantzale batek El Paisi. Horrekin batera, auzitan jarri nahi izan dute Bossi-Fini deituriko legea; paperik gabeko immigranteak gaizkiletzat jotzen dituena.