Hamar urte beteko ditu laster Irungo Lakaxita gaztetxeak eta, ospakizun hutsetik harago, “jauzi kualitatibo” bat emateko probestuko dutela iragarri dute. Ekonomia sozial eraldatzaileko gunea sortzekotan dira.
Larunbat honetan (otsailak 28) emango dituzte azalpen zehatzagoak, baina aurreratu dutenez, eraikinaren lehenbiziko pisua atondu dute, bulego eta bilera gela bat sortu eta proiektu ekonomiko sozial eta eraldatzaileak martxan jarri nahi dituen edonork erabiltzeko ireki.
Ez da gaztetxeari urrunekoa zaion esparrua, urteak baitira autogestionatutako proiektuen bilgune dela (baratze-kooperatiba eta hacklaba, adibidez). Aurrerantzean martxan izango den LKXT KOOPen bitartez bultzada berria eman nahi diote ildo horri.
Irungo Anaka kalearen 20. Zenbakian dago Lakaxita eta 19:00etan egingo dute proiektuaren aurkezpena.
Informazio gehiago:
Angula Berria webguneak egitasmoari buruzko hainbat xehetasun esplikatzen dituen bideoa plazaratu du.