argia.eus
INPRIMATU
Laguntzaile zibikoak: Poliziaren lana osatuko duten 60.000 boluntario jarriko ditu martxan Italiak
  • Deskonfinamenduan murgilduta dago Italia, bigarren fasean. Herrialdea apurka-apurka ateak zabaltzen ari da, eta hori era egokian egiten dela baieztatzeko zibilen taldeak osatzea proposatu du Francesco Boccia Gai Erregionaletako ministroak. Polemika sortu du proposamenak, gizartearen kontrolerako sortu dituztela argudiatuta, eta azkenean “erabilera publikorako” soilik izango direla argitu du ministroak.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 26a
Bolognako (Italia) bi Laguntzaile Zibiko. Argazkia: ANSA.it.

Kale eta parkeak patruilatzeko asmotan planteatu zuen Bocciak Laguntzaile Zibikoak sortzeko proposamena. Jendearen arteko distantzia mantentzen dela bermatzea zuen helburu; hala ere Gobernuak argi utzi du isunik jartzeko eskumenik ez luketela izango.

Oposiziotik eta gizarteko hainbat sektoretatik kritikak jaso ditu ministroak, ordea. Gzartearen kontrola areagotzeko estrategia dela aurpegiratu diote batzuek; besteek berriz, horrelako lanetarako prestatu gabe dauden zibilek poliziaren beharrik ez luketela egin behar.

Atzera martxa

Kritiken aurrean, atzera egin behar izan du Bocciak bere proposamenean. Kontrolerako eskumena kendu die boluntarioei, eta “erabilera publikorako” bideratuko dituela gehitu du. “Etxetik irten ezin denari janaria edo botikak eramateko, parkeak zabaldu edo zarratzeko; hau da, alkateak eskatzen diena egiteko” izango direla esan du Bocciak Rai2 irratian.

Dena den, bere proposamena defendatu du, eta esan du ez dela herritarren kontrolerako erreminta izango: “Inoiz ez da izan guardia zibilik, errondarik edo armadarik: hemen boluntarioak besterik ez dira egongo, beren denbora horretan eman nahi dutenak, partaide sentitzen direlako”.