argia.eus
INPRIMATU
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan
  • Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko apirilaren 09a
Ander Iruretagoyenaren \'Babesa\' film laburreko fotograma bat.

Euskarazko zinemagintzaren erakusleihoan, film laburren zirkuitu esanguratsuenetakoa da Laburbira, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duena. Aurtengoa XXI. edizioa izango du, eta datorren ostiralean hasiko da, apirilaren 12an, Bergaran. Amaitu, berriz, Markina-Xemeinen egingo da, maiatzaren 12an. Bitarte horretan beste 33 udalerri ere bisitatuko ditu Laburbirak –zerrenda osoa hemen dago ikusgai–. Saio batzuetan zuzendariekin solastatzeko aukera egongo da.

Aurtengo ediziorako hautaturiko lanak zortzi dira, iaz ekoiztutakoak denak. Horietako zenbaitek ibilbidea egina dute nazioarteko zinema festibaletan. Hauxe da zerrenda: Dena asmatuta dago (Jone Arriola), Katakunaren zoria (Guillermo Ordás), Erro (Amaia Lejarreta), Babesa (Ander Iruretagoyena), Mundu berri bat (Mikel Alvarez), Zirrara (Ane Cuesta), Talkak (Ilune Diaz eta Jordi Nuet) eta Betizu buru (Kim Maiteny Munoa).

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, edukiz zein estiloz denetariko lanak dira eskainiko direnak. Nobedade gisa, ikusleek film-labur onena hautatzeko aukera izango dute.