argia.eus
INPRIMATU
Labrazako zentral eolikoa berehala geldiaraztea exijitu dute
  • Zentralak ekosisteman zein herritarren bizi-kalitatean kalte itzulezinak eragingo dituela ohartarazi dute, eta Oiongo udalaren erantzunkizun eza salatu dute. Elkartasun eguna deitu dute abenduaren 13an.

Hala Bedi @halabedi 2025eko azaroaren 25
Hala Bedi

Pasa den larunbatean prentsaurrekoa egin zuen Labrazako kontzejuak, Arabako Errioxa Bizirik, Arabako Mendiak Aske eta Araba Bizirik plataformekin batera, herrian eraikitzekoa den zentral eolikoa salatzeko. Eragileek azaldu zutenez, EAEn azken 20 urteetan eraikiko den lehenengoa izango litzateke, bizilagunen “bizi forma eta kalitatea arrisku larrian” jarriz. Oiongo udalari exijitu diote bere erantzukizuna hartu eta zentral eolikoarekin lotutako jardun oro eten dezala auzitegiek ebazpena eman arte.

Bozeramaileek salatu dutenez, proiektuak “oligopolio energetikoaren interes pribatuei” erantzuten dio eta Oiongo alkatetzak (EH Bildu) izandako jarrera aldaketa salatu dute. Eragileen esanetan,  hasiera batean aurkakotasun jarrera erakutsi bazuen ere, orain proiektuaren tramitazioa erraztu du, EAJ eta PPren babesarekin. Udalari exijitu diote “beranduegi izan baino lehen ardura hartu dezala”, proiektuaren prozedura bertan behera uzteko ebazpen judiziala egon arte. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak prozeduraren aurka jarritako errekurtsoak tramiterako onartu ditu.

Irakurritako oharrean, Labrazakoa kasu isolatu bat ez dela seinalatu dute. Enpresek, alderdiek eta erakundeek bultzatutako trantsizio energetikoaren logikak “negozio-bide berriak irekitzea baino ez du helburu” salatu dute, Tapia Legeak eta Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren Legeak sostengatua. Proiektu horien aurka dauden udal eta kontzejuei erabakitzeko ahalmena kendu nahi zaiela adierazi dute.

Egoera salatzeko, elkartasun eguna deitu dute datorren abenduaren 13an Labrazan, eta lurraren defentsan herritarren babesa eta parte hartzea eskatu dute.

Argazkia: Hala Bedi