Laborarien haziak vs industriarenak

  • Vía Campesinak, 73 herrialdetako laborariak biltzen dituen elkarteak, hazien defentsa egiteko deia egin du Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Egunean (apirilaren 17a). Zehazki, nekazariek erabiltzen dituzten hazien defentsa aldarrikatu dute. “Haziak elikadura burujabetzaren funtsezko oinarrietako bat dira”, gogorarazi dute, “elikadurarekin zerikusia daukan ia guztia haien araberakoa baita”.


2014ko apirilaren 16an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Ostegunean egingo den Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Eguneko afixa.

Aurtengo apirilaren 17rako zabaldu duen agirian (gaztelaniaz eta frantsesez), Vía Campesinak hazien bilakabide historikoa aipatzen du lehenbizi, labur bada ere: “Nekazaritzako haziak ez dira landu gabeko naturan aurkitzen diren bezalakoak. Azken milurtekoetan laboreetan eman den dibertsitate izugarria ez zen existitzen lehen. Gaur egun elikaduran dagoen aberastasun hori mundu osoko nekazarien jardunari zor zaio”.

Jardun horrek denbora luzea darama indarrean, eta nagusi izan zen XX. mendearen erdira arte, laborari mugimenduaren esanetan. Nekazaritza industrializatuarekin etorri zen aldaketa nagusia. Haziak laborategietan eta esperimentazio-zelaietan hasi ziren transformatzen, XX. mendea hasi orduko; berrikiago, transgenikoak ditugu. “Eraldatzea derrigorrezkoa zuten, nekazarien landaketek arazo ugari baitute elikagaien industrializazioaren ikuspuntutik: haien ezaugarri fisikoak eta haien heltze-denbora ez dira homogeneoak, eta beraz ez dira egokiak makinen bidez jasotzeko. Gainera, ez dituzte ondo jasaten ongarri artifizialen kopuru handiak”.

AEBetan 30eko hamarkadan hasi zen Iraultza Berdea esaten zaiona; Europan, berriz, II Mundu gerraren ostean. Horrekin batera, dio Vía Campesinak, kultur paradigma bat ezarri zen, zeinaren arabera hirietako biztanleek uste baitzuten industriaren prozedurek baizik ezin zutela ziurtatu mundua modu egokian elikatzea.

Vía Campesinak salatzen du gaur egungo arau eta legedi askok hazi industrialak erabiltzea bultzatzen dutela, nekazarien hazi tradizionalen kaltetan. Horretarako bide bat pribatizazioa da, “Iparraldeko herrialdeetan dagoeneko nagusi den eta Hegoaldekoetara indarrez iristen ari den sistema”. Patenteen bidez, edo hazien jabetza konpainia jakinen esku uzten duen bestelako tresna legalak erabilita, oztopatu nahi da laborariek haziak urte batetik bestera gorde eta berrerabiltzea, ohituraz egin den bezala. “Europan, esaterako, araudi berriek haziak berrerabiltzen dituzten nekazariak kriminalizatzea eragin dute”.     

Vía Campesinaren ustez, Iraultza Berdeak agindu ziguna ez da bete. Aitzitik, kalte egin du. “Lurzorua hondatu da produktu agrokimikoak eta makinak erabiltzearen ondorioz; elikagaien garraioak eta paketatzeak kutsadura eragin du; landa-eremuan biodibertsitatea galdu da…”. Eta haboro. Alta, ideia bat zabaldu nahi du elikaduraren industriak: nekazariek, batez ere lurralde azpigaratuetan bizi direnek, teknologiaren beharra dutela euren arazoak konpontzeko. “Ez dute esaten, baina, nekazari horien arazoen iturri nagusia Europako eta AEBetako elikagaien merkeen inportazio subentzionatuak direla. Munduko leku askotan, inportazio horiek tokian tokiko merkatuen porrota eragin dute eta”.

Gutxi batzuen onura besterik ez dakarren eredu industrialaren beharra ukatzen du Vía Campesinak: “Laborariok gai gara geure herrien elikadura bermatzeko, baldin eta ura, lurra eta haziak eskueran baditugu”. Ondorioz, apirilaren 17an haziak gorde, erein, berrerabili eta partekatzeko eskubidearen aldeko aldarria egin nahi du nazioarteko mugimenduak. Bidenabar esatera, NBEren Hazien Hitzarmenak aitortutako eskubidea da hori, baina betiere estatu sinatzaile bakoitzeko legedian txertatzearen menpekoa. Bestela esanda, aitorpena bai, baina hutsala.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


2024-04-18 | Estitxu Eizagirre
Gorka Torre
"40 landare mota ditugu oihan baratzean, urte osoan bertatik jateko eta tresna xinpleekin lantzeko"

Baso jangarria edo oihan baratzea lantzen dute duela 14 urtetatik Odei Etxeberriak eta Gorka Torrek. Zuhaitzak eta barazkiak uztartzen dituen sistema honen oinarriak azaldu ditu Torrek Egonarria saioan, Mattin Jauregiren galderei erantzunez. Urte hauetan guztietan hainbat... [+]


2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


2024-04-14 | Jakoba Errekondo
Odolezko laranjak

Istorio ugarik lanbrotzen du bere jaiotza. Bere koloreak erakartzen du gehien. Azalarenak zenbaitetan, baina batez ere mamiarena da deigarria. Odolezko laranja da (Citrus x sinensis). Denetatik entzun izan da bere sorkuraz: laranjaren (Citrus x sinensis) eta mingranaren (Punica... [+]


Prozesionaria jalea

Esaera asko sortu ditu hegazti honek. Ikusteko zaila den arren, denok ezagutzen dugu. Nola? Kantuagatik. Bere izena kantu egiteko erak eman diola pentsa dezakegu. Urtero kantatzen du udaberrian eta uda partera aldiz, isildu egiten da. Esaerak dioenez, “maiatzean kuku, San... [+]


Eguneraketa berriak daude