Laborantxa eta euskara uztartuz, herria gora Nafarroan

  • Errigora izeneko ekimenaren arrakasta azkartuz doa. Nafarroako hegoaldean, euskara ofiziala ez den zonaldean, lekuko laborantxako ekoizpenen banaketari lotu dira herritarrak, etekinak euskalgintzaren dirustatzeko biltzen direlarik. Elkar lan ikaragarriaren sortzeko parada izan da ere. Jaz 8.000 saski banatu zituzten, aurten 12.000, hots %50a gehiago.

Errigorako promozio bideoko irudi bat. (Argazkia: Errigora)

2015eko otsailaren 06an - 11:40
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Ekimena zinez pollita da. “Hiru ardatz ditu: hemengo elikagaia hemen kontsumitzea, euskararen aldeko kanpaina egitea, auzolanean oinarritua... Jendeak parte hartzen du eta berea senditzen du proietua”, laburbiltzen du Ibai Sueskun, Errigorako kideak. Laborantxa eta euskararen lotzeak etekin doblea ekartzen dio Nafar hegoaldeko lurraldeari. Erriberako laborarieri salmenta zuzena, prezio mailan ere, segurtatzen die ekimenak. Oliba olio boteilek, arnoak, barazki kremak, zaintzuri, kardu, orberu, piper kontserbek, potxak, etab. osatzen dute 50 eurotan saltzen den saskia.

Ekoizpenak ez dira nola nahika hautatuak, kriterioak ezarriak dituzte (ikus ondoan). “Ekoizleak hautatzeko erabilitako irizpideak dira, besteak beste, enpresa txikiak izatea, langileen baldintzak zaintzen dituztenak, tokian tokikoa lehenesten dutenak… eta nola ez, kalitate bikaineko produktuak eskaintzen dituztenak!”, dio Xabier Gojenola, Errigorako kideak. “Urtean, 24 zaintzuri lata eta 20 litro olio kontsumitzen baditugu, zertan ekarriko ditugu antipodetatik, Nafarroan bertan primerakoak edukita?”, galdezketatzen du funtsean Errigoraren publizitateak.

151.000 €

Laborariak euskarari ere azkarki atxikiak dira hizkuntza kenka txarrean eta ofizialtasunik gabe den zonalde hortan. Gobernutik laguntza guti edo batere ez dute eskuratzen euskalgintzako egiturek. Herritarrek proietu hau sortu zuten ondorioz 2012an eta 34.000 euro bildu Tuterako Argia ikastolarendako. Errigoraren aintzindaria izan zen lehen ekimen hau.

Ideiaren finkatzeko bildu ziren laster Zazpiak Bat taldea, Ikastolen elkartea, Sortzen eta AEK. 2013an, “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” izeneko lehen kanpaina abiatzen zen 8.000 saski sakabanatuz Euskal Herrian zehar eta 112.000 euro bilduz Nafar hegoaldeko euskalgintzarako.

Aurten, 12.000 saski banatuz, 151.000 euro bildu dira Erriberako ikastola, AEK eta Euskaraz bizi eta ikasi herri ekimenarendako.

Laborariek eta agro-alimentarioko enpresa ttipiek saltzen dituzte ekoizpenak, beren prezioa finkatuz. “Produkto horiekin merkatuan 50 euroko balioa duen saskia osatzen da, bainan auzolanari esker, hots herritarren lan bolondresak egindako bitartekaritzari esker, prezioaren %25a euskalgintzari bideratzen ahal diogu”, dio Xabier Gojenolak. Produktoak errezebitu eta kartoin lerroak betetzeko, ehun bat jendez goiti bildu da aurten Ablitas herriko koperatiban. Euskal Herriko xoko guzietarik hurbiltzen da jendea eskukaldiaren emaiteko, proietua sustengatu nahiz.

“Euskal herriko zonalde konkretu baten errealitateari, kasu huntan Nafarro hegoaldeari, Euskal Herri mailatik emaiten zaion erantzun praktikoa da Errigora ekimena”, diote antolatzaileek. Euskalgintzari zinezko dirustatzea ekartzeaz gain, Nafar hegoaldeko produktuen ezagutaraztea eta zazpi probintzietako herritarren esku ezartzea ahalbidetzen du proietu hunek. Iparraldean, AEKko gau eskolen eta ikastola zonbaiten bidez banatu dira saskiak aurten. Azaro-abendoan iragaiten da kanpaina. Orotarat 700 banaketa gune izan dira aurten Euskal Herri osoan. Urte undarreko “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” ekimenari segida emaiteko, “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpaina sortu du Errigorak, “udazkeneko saskian dastatu eta gustatu zaigun hori, prezio zuzen eta erakargarrian urte osorako eskuratu ahal izateko gure sukaldeetan”.

Otsailaren 20etik martxoaren 4rat, oliba olioa 5 litroko boteiletan saltzen hasiko dira (16,50 euro konbentzionala, 22 biologikoa) eta primaderan biper, zaintzuri eta orberua kontserbek lekukoa hartuko dute.

Ekoizleak eta ekoizpenak nola hautatuak dira?

Ekoizleen hautatzeko kriterioak finkatuak dituzte Errigora ekimenaren antolatzaileek. Besteak beste:

• Ezinbestekoa da produkzioa eta transformazioa nafar hegoaldean egitea.

• Beren ingurunean “modu positiboan eragiten” dutenak izan behar dira ekoizleak: tratu zuzena eta egokia laborariekin.

• Kooperatiba eta partikularren arteko oreka lortzen helburuetan da.

• Bixkotxa ahalik eta partekatuena izaitea erronka dute.

• Urtez urte erreferentzia berrieri lekua egiteko asmoa dute.

• Nafarroa hegoaldeko eskualde ezberdinetako ekoizpenak kondutan hartzen dituzte.

• Kriterio agroekologikoak garrantzitsuak dituzte: produkto kimikorik ez edo ahalik eta gutien erabili, zuzenean laborariarekin edo transformatzailearekin harremana izan, hurbiltasuna.

Ekoizpenen aldetik, hautatzen dira:

• Nafar hegoaldeak propio dituen eta errepresentatiboak diren produktuak,

• Nafar hegoaldean izan eta, gero ta gehiago urrunetik ekartzen direnak.

• Euskal Herriko beste eskualdetan normalean aurkitzen ez direnak.

• Transformatuak eta posible den heinean transformatugabeak.

“Kontsumo ereduan da gakoa”

Oibar herrian, Zangozatik hurbil, mahastizain biologikoak dira Imanol eta  Victorino Ibero aitasemeak. Errigora proietuan parte hartzen dute. Imanol: “Zona huntan, mahastiak ikusten dira bainan lehen oliba ondo eta mahastiak gure herrian gehiengoak ziren, orai mahasti baten topatzea nahiko zaila delarik. Duela 10 urte, koperatiban iristen ziren 4 milioi litrora eta aurten milioi batean geldituko dira”. Victorino: “Produkzio masiboek norbaitentzako ekoiztera behartzen zaitute. Guztiz baldintzatua zaude. Azken finean, gaur egun, nekazaria multinazional baten peona da. Badago bere garaian eta gaur egun oraindik, nekazaritza ekologikoaren eta mundu jasangarriago baten aldeko apustua egin duenik. Bainan egurra baino ez dugu jasotzen alde guztietatik. Nafarroan, ingurugiroaz berbaz ahoa betetzen zaien bitartean, ekologikoki dihardugunok bi urte daramagu diru laguntzarik jaso gabe. Hemen ehunka urteko olibadiak kendu dituzte, eta bitartean ekologikoaz, ingurugiroaz, eta jasangarritasunaz mintzatzen dira, edo ez dakit nungo parkeetaz. Bainan nola? Zegoen parkerik ederrena txikitzen ari dira!”.

Imanol: “Azkenean uste dut kontsumo ereduan dela gakoa. Herrian bertan ekoiztutako produktoaren kontsumitzearen aldera joan behar da. Aukera berri ainitz sortuko lituzke herriaren garatzeko. Errigora gure gana etorri zen. Oso integrala iduritzen zait proietua zeren barne biltzen ditu artisau eta nekazaritzaren sustapena, euskararen sustapena, Euskal Herriko zonalde desberdinetako elkar trukea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


Eguneraketa berriak daude