Bizitzaren aldeko barrikada eta Gazteak lehen lerrora leloen pean irten dira kalera Ernai ezker abertzaleko gazte antolakundeak deituriko herritarrak. Mugimendu Sozialistaren parte diren Kontseilu Sozialistek, berriz, Burgesiaren eta bere alderdien aurrean, alternatiba sozialista eraiki aldarria erabili dute.
Maiatzaren Lehenean, sindikatuek ez ezik, bestelako antolakundeek ere deitu dute manifestatzera. Ernaik bat egin du LABen deialdiekin eta Kontseilu Sozialistek, berriz, manifestazio propioa egin dute Iruñean.
Azken horren deiarekin bat egitera zihoazen hainbat autobus miatu ditu Guardia Zibilak, baina horrek ezin izan du saihestu "milaka lagun batzea", antolatzaileen esanetan. "Fartsa elektorala" seinalatu dute Mugimendu Sozialistarekin bat egin dutenek, eta "politika parlamentariotik kanpo antolatzeko beharra" nabarmendu dute behin eta berriz.
Amaierako diskurtsoan, honela esan dute, Gedar-ek jaso duenez: "Estatua kapitalismoaren baitako instituzio bat da, eta oligarken mandatuen arabera aritzen da. Sozialdemokraziak estatu kapitalista langileriaren alde lerratzeko egiten dituen saiakera guztiak porrotera kondenatuta daude".
Horregatik, dei egin dute erakunde guztietatik kanpo lerratzera: "Egungo alderdi instituzionaletatik batek berak ere ez ditu proletalgoaren interesak ordezkatzen. Argi daukagu langileon bizi-baldintzen hobekuntzak ez direla politikari profesionalen eskutik etorriko, borrokatik eta langileon antolakuntza independentetik baino".
Ernai: "LABek egunero hobetu ditu euskal herritarren bizi-baldintzak"
"Sistemak kapitalaren erreprodukzioa beste edozeren gainetik kokatzen du", azpimarratu du Ernai gazte antolakunde abertzaleak, eta "enpresari handi eta gobernu konplizeak" jarri dituzte jomugan. "Sistema honek ez du bizitzaren garapen duina bermatzen", adierazi dute. "Inongo zapalkuntzarik egongo ez den Euskal Herria eraikitzeko konpromisoa" azaldu dute.
Baina itxaropentsu agertu dira, borrokaren aldeko deia ere eginda. "Alternatiba existitzen da, eta hori Euskal Herrian independentzia, sozialismoa eta feminismoaren proiektuak ordezkatzen du". Gauzak horrela, LAB sindikatuari aitortza egin dio Ernaik: "Sindikatuak jakin izan du langile subjektua indartu eta antolatzen, eta hori subjektuaren aniztasunaren kontzientzia batetik soilik egin daiteke. Euskal Herrian langileriak izan ditzakeen forma desberdinak ulertuz eta guzti hauetarako proposamenak garatuz. Baita ere, borrokari eutsi eta egunero euskal herritarron bizi baldintzen hobekuntzak lortuz".