argia.eus
INPRIMATU
LABek salatu du erraustegia eraikitzeko lanetan istripu arriskua larria dela

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 21
Argazkia: LAB Argazkia: LAB

Gipuzkoako Lan Ordezkaritzan, abenduaren 20an, salaketa jarri du LAB sindikatuak. Idatzi honetan adierazi duenez, abenduaren 19an Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak bisitatzera joan ziren eta ikusi ahal izan zuten lan eremu berean lau dorre-garabi ari direla lanean aldi berean, 50 metro baino gutxiagoko erradioan. Era berean, lan eremu murritz horretan langile multzo handia ari dela lanean garabi hauen inguruan, eta aurreikusten dela laster langile kopurua hazi egingo dela. Eta etengabe hainbat karga airean egoten direla aldi berean, eta langileen gainean.

Baldintza horiek direla eta LABek salaketan ohartarazten du garabiak gaizki koordinatuko balira, edo karga eroriko balitz, istripu horien ondorioak oso larriak liratekeela, lan eremuan dabilen langile kopurua handia baita.

Lan Ordezkaritzan jarritako salaketan, LABek eskatzen du egoera hau saneatzea, frogatu daitezela bai plana eta koordinazioa, baita segurtasun eta osasun txostena ere eta har daitezela azaldutako arriskuaren aurrean dagozkion neurri eta erabakiak, ahalik lasterren.

Abenduaren 16an lan istripua izan zuen langile batek

Langile bat istripua izan zuelako eraman behar izan zutela azaltzen du salaketak eta istripuaren txostena eskatzen dio Lan Ordezkaritzari.