argia.eus
INPRIMATU
LABek Euskal Herriko etxeko langileen baldintzen erradiografia osatu du
  • LAB sindikatuak azken kongresuan onartu zuen eredu sindikal tradizionala gainditu eta etxeko langileek sindikalgintza euren tresna gisa ulertzeko lanean aritzea. Sektorearentzako hitzarmen kolektiboaren beharra azpimarratu zuen orduan eta orain eskakizuna berretsi du. Sindikatuaren IparHegoa Fundazioak “Etxe barruan ezkutatzen dena” txostena argitaratu du. 25 orrialdeko monografikoan Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko etxeko langileengan eragiten duten araudiak eta dituzten lan baldintzak aztertu dituzte. Txostena kontzientziazio tresna izatea nahi dute.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 18a
LAB sindikatuko kideek hitzarmen kolektiboa berretsi dute etxeko langileen baldintzak hobetu ahal izateko. Argazkia: LAB.

LABek dioenez, sindikatuaren egitura aldatzen ari dira etxeko langileak bertan txertatzeko, helburu argi batekin: langileen lan eta bizi baldintzak hobetzea.

Sindikatuak sektore honekiko zor historikoa mahai gainean jarri du txostenaren sarreran: “Urte hauetan ezikusiarena egin dugu. Sindikatu gisa ez dugu haien egoera prekarioa jorratu, ez ditugu kolektibo gisa ulertu, subjektu politiko gisa, langile indibidual eta problematika indibidual gisa ikusi izan ditugu”. Etxeko langileek antolatzeko dituzten zailtasunak azpimarratu ditu sindikatuak, bakoitzak etxe batean eta enplegatzaile banarentzat egiten dutelako lan. Sindikatuak etxeko langileak antolatzeko tresna ez direla izan dio eta orain egoera horri aurre egiteko garaia dela azpimarratu du.

Monografikoaren sarreran azaldu dute feminismoaren bidetik jakin dela iraultzaren faktore bat intersekzionalitatea dela. Etorkizun bateratua idatzi behar dela eta etxeko langileak (ia denak emakumeak eta migratzaileak) funtsezko subjektutzat hartu behar direla dio sindikatuak: “Ikusgarritasuna eta balio politikoa ematea ezinbestekoa da. Gure borrokaren parte ez badira, huts egin dugu, ezkertiar, independentista eta feminista bezala”.