argia.eus
INPRIMATU
EAJren hizkuntza eskakizunetarako proposamena “atzerapausoa” dela salatu dute ELAk eta LABek
  • Euskara eskakizunak zehazteko derrigortasun indizea ezabatzea eta erabakia erakunde bakoitzaren esku uztea proposatu zuen iragan astean EAJk. LABek salatu du derrigortasun indizea kenduz gero, epaileen "borondate euskarafoboak" ezarriko lukeela hizkuntza eskakizunaren zenbatekoa. ELAk gaitzetsi du jeltzaleek men egin diotela PSE-EEren "presio euskarafoboari". EH Bilduk eginiko proposamena babestu dute bi sindikatuek.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 24a
Markel Olano Euskadi Buru Batzarreko euskara arduraduna eta legebiltzarkidea. EAJ

Lan eskaintza publikoetan euskararen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia dela eta, EAJk Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko proposamena egin zuen joan den astean, Eusko Legebiltzarrean. Proposamenaren nondik norakoak Markel Olano EAJko Euskadi Buru Batzarreko euskara arduradun eta legebiltzarkideak azaldu zituen. Proposamenaren muina euskara eskakizunak eskatzeko derrigortasun indizea ezabatzea da, eta erakunde bakoitzaren esku uztea euskara ezagutzea zenbat lanpostuk izan behar duten eta zein mailakoa erabakitzea. Hautsak harrotu ditu EAJren proposamenak

ELAk eta LABek salatu dute EAJren proposamena "atzerapauso" bat izango litzatekela euskararentzako, eta gaztelaniaren nagusitasuna finkatuko lukeela.

Derrigortasun indizea, jomugan LABek

LABek derrigortasun indizea ezabatzeko proposamena gaitzetsi du ohar bidez: "Ez du ezer konponduko, ezta epaitegien kolpe judizialak mugatuko ere. Alderantziz, derrigortasun indizea izan da epaileen ebazpenek gainditu ezin zezaketen muga bakanetakoa".

Indizea kenduz gero, hizkuntza eskakizunaren zenbatekoa "epailearen borondate hutsak" ezarriko lukeela salatu du sindikatuak, "borondate euskarafoboa, behin eta berriz erakutsi duten gisara". LABen esanetan, proposamenak administrazioan euskara normalizatzeko prozesua eta euskaldunen hizkuntza eskubideak segurtasun juridikorik gabe utziko lituzke. Sindikatuak aldarrikatu beharrezkoa dela Enplegu Publikoaren Legean eraldatzea, eta EH Bilduk eginiko proposamena babestu du: euskararen hizkuntza eskakizunak lan eskaintza publiko guztietarako ezartzea.

ELArentzako, gaztelaniaren nagusitasuna finkatuko luke

ELAren arabera, jeltzaleek men egin diote PSE-EEren "presio euskarafoboari" eta, horren aurrean, "hizkuntza eskubideen defentsan" ausartak izateko momentua dela aldarrikatu du. Sindikatuarentzako honako hau izango litzateke "bidezkoa eta justiziazkoa": euskararen eta gaztelaniaren exijentzia parekatzea, administrazioetan lanean ari diren langile guztiek euskara ikasteko baliabideak erraztea, eta trantsizio epeak izatea. EAJren proposamena, ordea, kontrako norabidean doala salatu du sindikatuak, derrigorrezko hizkuntza bakarra gaztelania izateak euskarazko zerbitzua jasotzea "zailduko" lukeelako.

Hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak erabat bateragarriak direla aldarrikatu du ELAk, eta euskaraz lan egiteko eskubidea lan eskubidea dela. Horregatik, sindikatuak alderdi politikoei exijitu die ausartak izan daitezela "epai euskarafoboei aurre egiteko". LABen gisara, EH Bilduk eginiko proposamena babestu du ELAk.