argia.eus
INPRIMATU
LABek eta ELAk Bizkaiko metalgintzan borrokan jarraitzeko deia egin dute
  • Ostiraleko (ekainak 21) bosgarren greba eguna aurrekoak bezain arrakastatsua izan zen, bi sindikatuen irudiko. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek osaturiko plataformaren eskakizunak bete bitartean mobilizazioei eusteko apustua berretsi dute.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 24a
Langileak Bilboko kaleetan. Argazkia: Uriola.eus.

Ekainaren 21ean Bizkaiko metalgintzaren bosgarren greba eguna deitu zuten ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Aurreko egunetan bezala, milaka langile atera zen kalera. ELA eta LAB sindikatuek prentsa ohar bana igorri diete komunikabideei, azken greba eguna baloratuz eta aurrera begirako posizioa adieraziz.

Jarraipen zabala eta patronalaren itxikeria

ELAren esanetan, ostiraleko greba egunean “aurreko deialdietan bezala, jarraipena oso handia izan da eta berriz ere milaka eta milaka langilek Bilboko kaleak bete dituzte. Indar erakustaldia izan da diru-gosez jokatzen duen patronalaren aurrean”. LABek ere jarraipenaren zabala nabarmendu du, eta aurreko egunetako errepresioari aipamen zuzena egin dio: “FVEMek uste bazuen patronalaren eta poliziaren errepresioarekin Bizkaiko metalgintzako langileria geldituko zuela, hemen du erantzuna”. Bilboko manifestaziora joan aurretik Durangaldeako langileak Durangoko epaitegien aurrean kontzentrazioa egin zutela azpimarratu du LABek. Ostegunean atxilotutako bi langilek epaile aurrean deklaratu zuten ostiral eguerdian.

Sindikatuek gogorarazi dute patronalak sektoreko langileen eskakizunei muzin egiten jarraitzen duela. “876 milioitako irabaziak poltsikoratu dituztela publikoki esan duten arren, sektoreko langileei miseria besterik ez diete eskaini. Argi dugu azpikontrata, ABLE edota ebentualei eskubideak bermatuko dizkien hitzarmena izango dela lortu behar duguna”. ELAk sindikatuen plataforma bateratuaren aldarrikapen nagusiak gogorarazi ditu: “igoerak soldata errealetan (KPI + %1) eta tauletan (KPI + %2); subrogazio eskubidea; behin-behinekotasunari eta ETTei buruzko neurri zehatzak; lanaldiaren murrizketa; berdintasunari eta lan osasunari buruzko eskaerak”.

Borrokan jarraitzeko asmoa

Patronalaren itxikeria zein langileen erabakitasuna aintzat hartuta, ELAk eta LABek borroka mantentzeko dei zuzena egin dute: “Bost greba handi eta gero, Bizkaiko Metalean borrokak jarraipena eduki behar du, gure helburuak lortu arte” adierazi du ELAk. "Hitzarmen duina sinatu arte ez da normaltasunik egongo Bizkaiko metalgintzan" ziurtatu du LABek.