argia.eus
INPRIMATU
Lanbide arteko gutxieneko soldata %5 igotzea ez dela nahikoa aldarrikatu du LABek
  • Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio “paper aktiboa” hartzea EAEko gutxieneko soldata sustatzeko.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 15a

Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan Enpleguko sailburu Idoia Mendiak txalotu egin du Espainiako Gobernuak Lanbide arteko Gutxieneko Soldata %5 igotzea, eta adierazi du “oso ondo datorkiola Euskadiri”. Radio Euskadin adierazi ditu neurriaren onurak, eta azpimarratu du ondo datorkiela hitzarmenik gabeko pertsonei, emakumeei eta gazteei. Halaber, nabarmendu du euskal enpresaburuen elkarteen eta sindikatuen arteko akordio bidez hobetzeko aukera dagoela.

LAB sindikatuak igoeraz irakurketa kritikoa egin du, eta adierazi du LGSaren %5eko igoerak ez dituela "asetzen" Euskal Herriaren beharrak: “Igoera positiboa bada ere, gutxieneko soldata horrek ez du egungo errealitatean bizitza duina bermatzen, argi eta garbi, ez da nahikoa. Zer esanik ez Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari erreparatuz gero; izan ere, urrun geratzen da gure egunerokotik gaur Madrildik inposatu nahi diguten gutxieneko soldata. Ezinbestean, Espainiako Estatuaren errealitate anitzak ere bere isla izan beharko luke gutxieneko soldatari dagokion esparruan ere”.

Mendiak adierazi du LGSren hazkundeak enplegua suntsi dezakeela “mitoa” dela egiaztatu dela, eta bost urtean %47ko hazkundea izan dela, enpleguaren eta ekarpenen hazkundearekin batera. Nabarmendu duenez, emaitza horiek gobernuaren une zailetako babes-neurrien eta 2022tik indarrean dagoen lan-erreformaren ondorio dira.

LABen eskakizunak

LABek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Hego Euskal Herriko egoera islatzen duen gutxieneko soldata propio baten alde lan egitea, eta azpimarratu du sindikatuak horren alde “sutsuki” jarraituko duela lanean: “Dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari, eta, bereziki, Bigarren Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu den Idoia Mendiari, paper aktiboa har dezala EAE mailako gutxieneko soldata sustatuz”.