argia.eus
INPRIMATU
Labanez jositako harresi bat gehiago Europan: Finlandia eta Errusia artean
  • 130 eta 260 kilometro arteko luzera izango du burdin hesiak. Haren goiko aldea laban txikiz betetako txarrantxez josiko dute.

Axier Lopez @axierL 2022ko urriaren 20a
Argazkia: Daniel Bernard / Unsplash

Finlandiako Gobernuak alderdi politiko guztien babesa lortu du Errusiarekiko mugako “tarte ahulenetan” hesi metalikoa eraikitzeko, "migrazio irregularra" geldiarazteko helburuarekin.

Proposamena Finlandiako Mugetako Guardiaren eskutik etorri da eta astearte honetan talde parlamentario guztien babesa jaso dute, ezker-eskuin. “Muga ondo zainduta dagoela ziurtatu nahi dugu eta gerta litekeenari aurrea hartzeko gai izan nahi dugu”, adierazi du Finlandiako lehen ministro Sanna Marin sozialdemokratak.

Proiektua oraindik erabat itxi gabe badago ere, aurreikusten du hesi metaliko baten eraikuntza. Haren goiko aldean laban txiki zorrotzez betetako txarrantxa jarriko dute eta “arrisku handiko muga-zatiak” bideo-kameraz josiko dituzte. Oro har, hesiak 130 eta 260 kilometro arteko hedadura izango du, hau da, Finlandia eta Errusia banatzen dituzten 1.340 kilometroko mugaren %10 eta %20 artekoa.

Hasiera batean, hiru bat kilometroko tarte bat eraikiko dute, proba gisara, Finlandiako hego-ekialdeko mugan, San Petersburgotik gertuen dagoen aldean. Sei milioi euro inguruko kostua izango du tarte horrek. Aurreikuspenen arabera, hesi osoa eraikitzeko lanek lau urte beharko dituzte.

Finlandiak NATOn sartzeko hartu zuen erabakiaren aurrean oldarkor agertu zen Errusiako Gobernua, eta behin baino gehiagotan ohartarazi diote Finlandiari NATOren indarrek “haien ateetaraino eraman izanak ondorio larriak" izango dituela. Finlandiak mugak gogortzeko baliatu du egoera, Errusiak migrazioa arma gisa erabiliko ote duen balizko aukerari aurre egin nahian, Polonia eta Bielorrusia arteko mugan 2021aren amaieran gertatu zenaren antzeko migrazio-krisia gogoan.

Nolanahi ere, argi dago kaltetu nagusiak berriro ere pertsonak izango direla, muga hori igaro beharko dituzten migratzaileak. Lehen baino oztopo hilgarri gehiago topatuko dute eta.