argia.eus
INPRIMATU
Labak terraza lortu du; UPNk amore eman du
  • Nafarroako Administrazio Auzitegiaren agindua bete du Udalak eta Gaztelu plazan terraza ukatzeari utzi dio. Javier Labairuk baimena ematea erabaki du.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2023ko irailaren 27a

UPNk amore eman du eta Labari lizentzia eman dio. Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen entzungor egin ondoren, Gaztelu plazan terraza jartzeko baimena eskuratu du Labak, behingoz, prozesua hilabetez luzatu ondoren. Gaur goizean jakinarazi dutenez, Javier Labairu Herritarren Segurtasunerako zinegotziak baimena sinatu du, eta polemika luze bati amaiera eman dio. 

Iker Tubia Labako kidea pozik agertu da. "Gaur goizean dagoeneko gure lokalaren ataria hutsik zegoen, eta ondoren, baimena jaso dugu", azaldu du Tubiak. "Ahalik eta azkarren saiatuko gara terraza muntatzen", gaineratu du. Hala ere, aitortu du "prozesua luzatzeko aitzakiarik" ez zegoela.

Abuztuaren 1ean, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari orokorrak 283/2023 Ebazpena sinatu zuen,  Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2022ko urrian hartutako erabakia modu subsidiarioan betearazteko. Bertan, Laba Elkarteari terraza izateko baimena aitortzen ziola azaltzen zen. Ebazpenaren  berri izan bezain pronto, Windsor tabernak helegitea jarri zuen, baina irail hasieran, Toki Administrazioko zuzendari orokorrak atzera bota zuen. Horren berri irailaren 4an jaso zuten eta "egoera ikusita, erresoluzioa betetzea beste aukerarik ez zegoela" uste zuten, baina ez da hala izan. Azkenik, Udalaren zuzenketa irailaren 13an gauzatu zen. Eta gaur jakin du Labak jarduerak barruan ez ezik, kanpoan ere egin ahalko dituztela. "Euskaldunei espazio berri bat eskaini nahi genien Iruñeko areto nagusian" adierazi du Tubiak, eta lortu dute. Plaza hartu dute eta "euskaldunontzat beste toki bat" izango da Iruñean.

"Energia eta denbora" kendu die auzi honek labako kideei. Baina azkenean, legea bete da behingoz, eta berandu baino lehen terraza zabalduko dute eta proiektuan gogor lanean jarraituko dute.