argia.eus
INPRIMATU
Labak terraza jartzeko baimena lortu du
  • Bide "malkartsu eta luzea" izan da, baina, baimena ematen dien erresoluzioa jaso dute. Hala ere, Windsorreko kideek haien terrazari eutsi eta kentzeari uko egin diote.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2023ko abuztuaren 04a

"Berri on batekin gatozkizue: azkenean, Laba sareak terraza paratzeko baimena lortu du", hala aitortu du Labak gaur bertan argitaratutako oharrean. Izan ere, abuztuaren 1ean Toki Administrazio eta Despopulazio Zuzendari Orokorrak 283/2023 erresoluzioa sinatu zuen eta bertan, Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2022ko urrian hartutako erabakia modu subsidiarioan betearazteko adierazten du. 2022ko urtarrilaren 14an Iruñeko Udalean aurkeztutako proiektua ontzat hartuz, "Laba Elkarteari terraza izateko baimena aitortzen diote bere jarduera aurrera eraman dezan".

Aurrekaririk gabekoa izan da eta maiatzean oraindik ere ez zekiten noiz izanen zuten terraza paratzeko aukera. Oraingoan, ez dakite noiz izango duten irekitzeko aukera, baina "behingoz" terraza zabalduko dute. Atzo bertan terrazaren eremua erabiltzen duen ostatuari jakinarazi zioten mahaiak eta terraza jartzeko tasak ordaindu bezain pronto haien mahaiak eta aulkiak jartzeko aukera izango dutela jakinarazi zieten jasotako erresoluzioan Iruñeko Udalari, Laba elkarteari, La Perla hotelari eta Windsor ostatuari.

Jakinarazpena, berriz, Windsorreko kideek ez dute onartu eta gaur goizean ez dituzte Labaren terraza eremutik haien mahaiak eta aulkiak kendu. Horrek afera luzatu dezakeela aitortu du Labak, baina berretsi dute terraza izateko eskubidea dutela eta terraza izango dutela berandu baino lehen, "euskaldun guztiei beste eremu bat eskaintzeko".

Urte eta erdiko "tramite hutsa"

Laba sareko kideak "oso kontent" agertu diren arren, "zoritxarrez urte eta erdi baino gehiago luzatu da afera hau Iruñeko Udalaren erabaki arbitrario batengatik". Nafarroako Arartekoari eta Nafarroako Administrazio Auzitegiari Udalak "entzungor" egin diola salatu dute eta prozesu judiziala ahalik eta gehien luzatzen saiatu direla, azaldu dute. 

"2022ko urtarrilean ateak ireki genituenean tramite hutsa izanen zela pentsatu genuen", baina ez da hala izan. "Bide malkartsu eta oso luzea izan da azkenean" eta horrek oztopak jarri dizkien zenbait mailatan. Alde batetik erakusleioa den espazio bat ukatu zaielako eta bestetik, "proiektuan inbertitu nahi genuen denbora eta energia auzi honetara bideratzera behartu gaituelako". "Bazen garaia!" ospatu dute Labako kideek, nahiz eta oraindik ere lana egiteko dutela adierazi dute. "Orain arte egin dugun moduan, lanean jarraituko dugu euskaldun orori euskaraz bizitzeko leku goxo bat eskaintzeko, euskal kultur programazio ahalik eta txukunena emateko eta Laba sarearen irradiazioa hiri osoan barrena zabaltzeko", gehitu dute oharrean.

"Laba ezkutatu dute, baina inoiz baino gehiago ikusiko gaituzte orain", hedabideei bidalitako jakinarazpena probestu dute bazkide, langile, boluntario, sortzaile, oholtzatik pasa direnei eta kulturgile guztie eskerrak emateko. "Laba sare bat da; laba gu guziok gara. Laba gara".