argia.eus
INPRIMATU
Labak astelehenean ireki ditu ateak, eta larunbatean eginen da Irekiera Festa
  • Eraberrituta dator Laba. Egoitza handiagoak ostalaritza eskaintza zein kultur ekitaldiak baldintza hobeagoetan ematea ahalbidetuko du.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2025eko irailaren 01

Iritsi da eguna. Sei hilabeteko handitze lanak bukatuta, irailaren 1ean (astelehena) irekiko ditu berriro ateak Labak, Iruñeko bihotzean, Gazteluko plazan. Jatorrizkoari ondoko ostatua batuta goitik-behera aldatu den espazioak Labaren proiektuari bultzada berri bat emanen dio, ostalaritza zerbitzu osoa eskaintzeaz gain kultur ekitaldiak baldintza hobeagoetan ematea ahalbidetuko baitu. Aurrerantzean asteartetik ostiralera, goizetik gauerako ordutegia izanen du egoitza berriak: 09:00etatik 23:30ak arte egunero, eta 00:30ak arte ostiraletan eta larunbatetan.

Labaren aro berriari hasiera emateko, larunbatean (irailaren 6an) Irekiera Festa eginen da, egun osoko egitarauarekin. Goizeko 10:30ean gosariarekin eta Broken Brothers Brass Bandek girotuko duen kalejirarekin abiatuko da. O plazatik atera eta Alde Zaharrean barrena ibiliko da, Laba itxita egon den bitartean haien espazioa utzi duten zenbait lekutan geldialdia eginez. 12:00etan Amets Aranguren, Julen Goldarazena Flako, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga Labako leihotik kantuan arituko dira, eta 12:30ean eginen da inaugurazio ekitaldia. DJ Barbarieren pintxaldiaren ondotik bazkaltzeko unea iritsiko da. Arratsaldean, denboraren kapsula irekiko da, iraganeko mezuak irakurtzeko, eta drag showa ere egonen da, Haizemin eta Posidoniarekin; eta bukatzeko, afalondoan Zuribostineriseiren pintxaldiarekin jarraituko du aurrera besta giroak.

Aro berria, betiko ametsa

Labaren proiektua indarberrituta eta nobedade ugarirekin dator. Bakarrizketa probalekuak, Tribialaba eta Ongi etorri Iruñera jarduerek aurrera jarraituko dute, baina gauza berriak ere eginen dira, Labako kideek datorren asteetan iragartzen joanen direnak. Nabarmendu bezala, "betiere, Labaren ardatzak jatorritik izan direnak izaten jarraituko dute, euskaraz eta intersekzionalitatea agerian utziz".

Labatik azpimarratu bezala, espazioa "goitik behera eraberrituta" ikusiko dute bertaratzen direnek irailaren 1etik aurrera. "Kanpoko fatxadak garai batean han egon zen Torino ostatuaren itxura hartu du, eta barnetik leku goxoa izaten jarraituko du, baina itxura guztiz berrituarekin. Orain Laba aretoak 195 metro karratu ditu, sukaldea izanen du beheko pisuan eta taberna zein jatetxe zerbitzua ere eskainiko ditu. Oholtza handitu egin da, komunak erabat berritu eta baita altzariak ere". Estetika berriaren parte da Leire Volta Apotheke estudioko artistak egindako collage ederra. Distribuzioa ere bestelakoa izanen du Laba aretoak: barra sartu eta eskuinera egonen da, eta txoko ezberdinak izanen ditu aretoak: areto nagusiaz gainera, musika ongi aditzeko eta lasaiago egoteko txokoa izanen du.

Kalitate jauzia soinuan eta listening bar

Garai berri honen ezaugarri nagusia kalitate teknikoan emandako jauzia izanen dela nabarmendu dute Labakideek, "handia baita jauzi hori". "Soinu instalazio guzia ConcienciArtek egin du, eta horri esker Laba aretoak kalitatezko soinu esperientzia oso bat eskainiko du. Aretoa lau zatitan banatuta dago soinuari dagokionez, eta horrek aukera asko emanen ditu giroaren eta ekitaldiaren arabera. Argi instalazio berezia ere izanen du Labako oholtzak, ekitaldietan zein ohiko jardunean erabiltzeko".

Gainera, Nafarroako lehenbiziko entzuteko taberna edo listening bar delakoa izanen da Laba, Larra soinu tresnak tailerrean sortutako Hi-fi soinu ekipoari esker. Ekipo hori eskuz egina da, Ultzamako oholekin, eta biniloak entzuterakoan musikan guztiz murgiltzeko bide emanen dio entzuleari. Binilo bilduma bat ere osatzen hasi da Laba, eta euskal taldeen lan berriak han aurkezteko aukera izanen da.

Kafetegia, jatetxea eta taberna

Ostalaritza proiektua da berritasun nagusietako bat. "Orain arte kafetegi zena, jatetxe eta taberna izanen da aurrerantzean, eta proiektu hori Torino Berriak garatuko du Laba aretoan bertan". Astelehenetik aurrera 12 langile arituko dira ostalaritzan lanean, nahiz eta aurrerago gehiago izanen direla espero den. Langile horietako asko Ilundain Fundazioarekin batera eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin sortutako euskarazko ostalaritza ikastarotik pasatutakoak dira. Kalitatezko ostalaritza zerbitzua ematea da Torino Berriaren helburu nagusia, eta gosariak, bazkariak eta afariak emanen dituzte. Batez ere platerak eta errazioak izanen dira, baita pintxoak ere. Garagardo eta ardo mota ezberdinak ere eskainiko dira egun osoan.

Ametsa handituz

"Sorreratik beretik Labak proiektu anbiziotsu bat amestu du Iruñeko euskaldunen komunitatearentzat, eta bide horretan, sortu diren aukerei heldu die". Lehenbizi, Gazteluko plazan areto bat erabiltzeko aukera izan zuen, eta han garatu du proiektua eta kultur eskaintza. "Bide honetan askotariko zikloak sortu ditu Labak, eta bere obsesioa izan da euskaraz hain ohikoak ez ziren kontuak euskaraz ematea. Askotariko arte adierazpideei lekua ematen saiatu da (antzerkia, arte plastikoak, musika, dantza, literatura…) eta aretoan haien proiektuak erakusteko leku bat izan dute sortzaile eta eragile askok".

Irekiera Festaren egitaraua

  • 10:30 Kalejira – Broken Brothers Brass Band O plazatik alde zaharrean barrena.
  • 12:00 Leihotik kantuan – Amets Aranguren, Julen Goldarazena (Flako), Idoia Tapia eta Oier Zuñiga.
  • 12:30 Inaugurazio ekitaldia
  • 13:30 DJ Barbarie
  • 14:30 Bazkaria
  • 17:00 Denboraren kapsula
  • 19:00 Drag Showa – Haizemin eta Posidonia
  • 20:30 Afaltzekoa, poteak eta giro ona
  • 21:30 DJ Zuribostnerisei